Beste bost puntu lortu ditu Hernanik Uribealdeari 3-19 irabazi eta gero

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 21a, 00:00

Partidu lehiatua izan zen bi taldeen artean.

Denboraldia amaitzeko lau jardunaldiren faltan 13 puntuko aldea ateratzen dio bigarren sailkatuari, Eibarri, bigarren itzuliko A taldean.

Hernanik porrota ezagutu gabe jarraitzen du Ohorezko B Mailako bigarren itzulian, A taldean. Atzo, Plentzian, hamaseigarren jardunaldian, 3-19 irabazi zuen Uribealdearen aurka. Hamabi partidu jokatu ditu, baliagarriak bigarren fase honetan eta denak irabazi ditu. 59 puntu ditu, atzoko bostak batu eta gero, eta hamahiru puntuko aldea du bigarren sailkatuarekiko. Eibar dago bigarren postuan. Lau jardunaldi falta dira denboraldia amaitzeko eta beste bi partidu irabaziz gero lehendabiziko postuan amaituko du Hernanik talde honetan.

Hala ere, Hernaniren helburua denboraldi hasieran Elite taldean igoera fasea jokatzen egotea zen. Behin helburu horrek ihes egin eta gero burubelarri ari dira saiatzen partidu guztiak irabazten eta oraingoz bide onetik doaz. 60 puntu izango litzateke puntu guztiak lortzea eta oraingoz bakarra ez dute lortu.

 

Lehen zatiko berdintasuna bigarrenean hautsi zen

Ardanzas Park zelaian jokatutako partiduak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoa parekatuagoa izan zen. Nahiz eta trikoloreak atsedenaldira aurretik joan (3-7), hamabigarren minutuan Ekain Pererak lortutako entsegua eta Beñat Aricetak gauzatutakoa, Uribealdea aurreratu zen markagailuan zigor kolpe bati esker. Markagailua ez zen mugitu 30 minututan eta bigarren zatirako irekia geratu zen.

Bigarren zatian, 63garren minutuan Eñaut Gorostidik lortu zuen bigarren entsegua (3-12) eta partidua kepa Mijangosen azken entseguak erabaki zuen 73garren minutuan. Aricetak gauzatu zuen azken markagailua, 3-19, jarriz. Patrick Polidorik, berriz ere, gazteei aukerak eman zizkien etorkizunari begira eta oso taldea gaztea zelairatu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!