Bueltan dira Doberaren Udaleku Ibiltariak eta izena emateko epea dagoeneko zabalik dago

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 20a, 00:00

Izena eman daiteke 'www.dobera.eus' webgunean eta maiatzaren 13an itxiko da epea.

Osasun egoera dela eta, bi urtetako etenaldiaren ostean, bueltan dira Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Udaleku Ibiltariak: «gainera aurtengoa, 10. urtea izango da Udaleko Ibiltariak antolatzen hasi ginela». Hori dela eta, udako opor garaian, gazte eta gaztetxoek euskerazko aisialdiaz gozatzeko eta erabilera indartzeko parada izango dute Udaleku Ibiltariekin. Era berean, Doberaren nahia  da «umeek eta gazteek natura errespetatzea, hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatzea, euskal kultura ezagutzea, inguru eta lagun berriak ezagutzea, ondo pasatzea…».

Udaleku Ibiltarietan, ekintza ezberdinak burutzen dira, hala nola, ur ekintzak, abentura kirolak, txangoak, mendi ibilbideak, jolasak…«Euskal Herriko txokorik politenak ezagutuz». 

Bi txanda bereizi ditu Doberak: lehenengo txanda, 2007 eta 2009 urte bitartean jaiotako gazteak osatuko dutena. Hauek Goierri aldera joango dira. Uztailaren 4ean hasi eta 15era bitartean. Prezioa 265 euro da, eta Doberako bazkideentzat 225 euro; bigarren txanda, 2010 eta 2012 urte bitartean jaiotakoei bideratuta dago. Oarsoaldean ibiliko dira, uztailaren 25etik 30era bitartean. Prezioa 185 euro dira eta Dobera Euskera Elkarteko bazkideentzat, 155 euro. 

 

Udaleku irekiak 

Bestalde, aurtengoan ere Udaleku irekiak antolatu dira herriko elkarteekin batera. Udaleku hauetan, haurrei euskerazko aisialdiaren aukera emateaz gain, Hernani elkarte ezberdinak ezagutarazi nahi dira. Udaleku hauetan, 2008 eta 2013 artean jaiotako gaztetxoek hartu ahal izango dute parte. Bi astez egingo dira udalekuak, abuztuaren 1etik 12ra, astelehenetik ostiralera bitartean burutuko dira, goizeko 09:00etatik 13:30ak arte. Eta astean behin egun pasa bat antolatu dute. Bi asteetarako edota baterako apuntatu daiteke: bi asteek 120 euroko prezioa dute, eta bazkideentzat 100 euro. Aste batek 70 euroko prezioa du eta bazkideentzat 60 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!