Otsailetik maiz lapurretak eta erasoak jasan ditu Kontrakantxak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 20a, 00:00

Kontrakantxa kanpoko eskaileretan eskaini zen prentsaurrekoa.

Gazte Asanbladak erasoak salatu ditu: «gure jardun politikoa baldintzatzen du».

Kontrakantxa Gaztetxeak ez ditu bere garai onenak bizi. Helburu kolektiboen alde egiten duen espazio hau hainbatetan izan da erasotua azken hilabeteetan. Hori salatu zuten Gazte Asanbladako gazteak pasa den ostiralean. «Otsaila hasieran jaso genuen lehen erasoa, tamaina haundiko lapurreta batekin. Jarraian, hurrengo astean, gutxienez beste bi aldiz gehiago sartu ziren gaztetxera, bertako azpiegituran apurketa ezberdinak eraginez». 

Hori nahikoa ez eta hortik aurrera ere bi aldiz gehiago sartu dira Kontrakantxara. «Horiek guztiak, ate ezberdinen hausturetan, gaztetxeko hainbat txokotako altzairu zein objektuak irauli eta sakabanatzean eta mota askotako lapurretetan laburbildu daitezke».

Gaztetxetik diotenez, «eraso horiek, ordea, ezin dira testuinguruaren analisi bat egin gabe ulertu. Izan ere, azken urteetan bizitzen ari garen krisiak areagotu egin ditu gisa honetako gertaerak». Erasotua izan dena espazio politiko bat izanik, «gure jardun politikoa ere baldintzatua ikusi da». Alde batetik, «politika egiteko baldintzak ez zeudelako bermatuak, eta bestetik, bertako jarduna gaztetxearen egokitzapen lanetara bideratu behar izan dugulako», aipatzen dute Gazte Asanbladatik. 

 

«Gaztetxean lanean ibilitako gazte guztiekiko eraso moduan ulertzen dugu»

Gaztetxea Hernaniko gazteentzat espazio politiko nagusia izanik, «eraso horiek ez dira gurekiko eraso soilak, 15 urte hauetan gaztetxean lanean ibilitako gazte guztiekiko eraso moduan ulertzen ditugu. Eta bereziki, egun gaztetxean gauzatzen diren proiektu politikoen aurkakoak. 

Eraso ezberdin hauek eragindako kostuei aurre egiteko ekintza ezberdinak antolatutako dituzte datozen asteetan, eta «horretarako, noizbait gaztetxea funtsezko espazio moduan sentitu duen orori dei egiten diogu horietan parte hartu dezaten».

 

Ekintza ezberdinak eta Gazte Eguna maiatzaren 14an

Kanpaina hau biribiltzeko, Gazte Egun batekin emango diote amaiera maiatzaren 14an. «Adierazi nahi dugu Kontrakantxa Gaztetxeak bere eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela urte luzez herriko gazteen espazio erreferentea izan dena defendatzeko. Hori horrela, Kontrakantxaren defentsa berresten gara. Antola dezagun elkartasuna! Gora Kontrakantxa gaztetxea!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!