«Ezin dugu normaltzat eman langileak beldurrez lanera joatea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

LAB sindikatuak adierazi du autobus zerbitzuetan izatean ari diren istiluak «onartezinak» direla.

Azken asteotan autobus zerbitzuetan izaten ari diren gertaeren harira, LAB sindikatuak kezka helarazi eta egoera «onartezina» dela salatu du. 

Joan den larunbatean izandako ezbehar baten bueltan oinarritu du ezinegona. «Aurreko larunbatean, BU40G lineako langileak ertzaintza deitu behar izan zuen, gertatzen ari ziren istiluak zirela eta, bere burua arriskuan ikusten zuelako». Horrekin batera, langileen aurka gertatzen ari diren erasoak «onartezinak» direla adierazi du sindikatuak. «Ezin dugu normaltzat eman, asteburuetan bereziki, langileak beldurrez eta ezinegonaz lanera joan beharra».

 

Ardura, «batez ere», Aldundiarena eta enpresena

LABek helarazi du honen guztiaren ardura, «bereziki» Aldundiarena eta enpresena dela. «Horiek zerbitzua eman bai, baina modu seguru batean eman dadin hartu behar diren neurriak ez dituzte hartzen. Dagoeneko nekatzen hasi gara, nahiko gogorra da asteburuetan lan egin behar izatea eta gau osoan egin behar izatea, gainera. Eta hau guztia beldurrez egin behar dugu? Ez gaude hau onartzeko prest».

Ardura instituzioena eta enpresena dela badio ere, nabarmendu du erabiltzaileek ere ardura dutela, eta hori uka ezina dela. «LAB sindikatutik, erabiltzaileei honako hauxe eskatzen diegu: utzi langileak bakean. Denok gara langileak. Gure artean babestu eta zaindu beharrean, gure artean erasotzen bagara ez goaz ongi. Langileen arteko elkartasuna berebiziko garrantzia du garai hauetan bereziki baita parrandan ere».

LAB sindikatuaren batera, azken egunetan beste hainbat instituziok eta taldek ere salatu dute egoera; besteak beste, Mugikortasuneko Departamentuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!