Hernani-Ukraina-Hernani eta hasi berriro, gerra jasaten ari direnei laguntzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Inna Tomko hernaniarra, Kronikarako elkarrizketan.

Dagoeneko hiru aste daramatza Inna Tomkok, boluntario gisa, Ukrainako herritar eta errefuxiatuentzako material eta janari bilketa egiten. Laguntza ugari jaso duten arren, «material ugari behar dugu, elikagaiak, haurrentzako pixoihalak...», ziurtatu du.  

Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra dela eta, herrialdea uzten duten pertsonen kopurua goraka doa etengabe. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak helarazitako azken datuen arabera, hiru milioik baino gehiagok Ukraina utzi dute hiru astean baino gutxiagoan, eta horietatik 1,8 milioi Poloniara joan dira. Hain zuzen ere, iheslarien erdia baino gehiago. Hala, munduan errefuxiatu gehien jaso dituzten herrialdeetan bigarrena da Polonia orain. Horrexegatik, momentu honetan ukrainarren babesleku da Polonia. 

Egoera ikusita, Hernanin ere sortu da ukrainarren aldeko mugimendua: Ukrainako herritar eta  errefuxiatuentzako material eta janari bilketa solidarioa. Proiektu honetan lanean ari diren boluntarioek hiru aste daramatzate kaxak jaso eta kamioia kargatzen, Ukrainan hustu eta behar dutenei banatzeko. Ereñotzu auzoko Bi Lorea Plasticos enpresako lokaletik ateratzen da premiazko materialez beteta doan trailerra, eta Ukrainarako bidea hartzen du.  Hernaniko proiektu solidario honi hasiera eman zion Inna Tomkok, dagoeneko 13 bat urte daramatza Hernanin. Jaiotzez ukrainarra den emakume ausartak, bilketarako beharrak zeintzuk diren azaltzeaz gain, mugan dauden errefuxiatuen egoeraren berri ere eman dio Kronikari. 

Kontaiguzu, Inna; argi dago zuen helburua laguntzea dela, baina zer dela eta hasi zineten bilketa honekin? 

Ukrainan daudenen egoera bortitza da, eta gure helburu nagusia, esan bezala laguntzea da, behar dutenei laguntzea. Momentu honetan daukagu lokal bat, eta orain arte topatutako eremurik egokiena da material bilketa egiteko, kamioia sartu baitaiteke. Hernanin, Ereñotzuko 101 garren zenbakiko Bi Lorea Plasticos enpresako lokala erabiltzen dugu gure eginbeharretarako. Hernaniz gain, beste bilketa puntu batzuk ere badauzkagu, besteak beste, Tolosan, Beasainen, Lazkaon… Olaberriatik ere material ugari ekartzen digute, eta Mutrikutik ere bai.  

 

Zer da kamioiean daramazuena? 

Mota guztietako materiala eramaten dugu, kontserbak, makarroiak, esnea, jaioberrientzako jakiak.  Elikagaiez gain, produktu higienikoak, pixoihalak… Militarrentzat, bi palet haundi eramaten ditugu, klima hotzetarako lo-zakuak, esterilak, linternak, pilak, arropa termikoa, eta elikagaien bat ere bidaltzen dugu, botea ireki eta momentuan jateko horietakoa. 

Mota guztietako botikak eramaten ditugu, bendak, minarentzako pastilak… hauek ospitaletara doaz. Bertako farmaziak hutsak daude, eta ez dago medikamenturik, oso larria da egoera. 

 

Eta material hauek, mugara doaz? 

Aipatutako gainontzeko kaxa guztiak, gerran dagoen jendearentzat bideratzen dira. Duela hiru aste hasi ginen kamioiak bidaltzen, eta kamioi hauek, Chernivstira joaten ziren. Bertan, Ukrainako beste herri bateko kamioi bat etortzen zen, eta materiala, batetik bestera pasatzen genuen. Poloniako eta Errumaniako mugetara ere eraman ditugu kamioiak, baina boluntario gutxi genituen, eta izugarrizko lana eta denbora suposatzen zuen. Beraz, erabaki genuen mugetara ez joatea, denbora asko galtzen zelako. 

Joan den ostegun eta larunbatean, Hernanitik Ivano-Frankivskera bidali genuen kamioia, Poloniatik 250 kilometrora. Astelehenean, berriz, Chernivstira eraman genuen beste bat. Hemendik gutxira, gure asmoa da bildutakoa  Ternopilera bidaltzea. Hala ere, esan behar dut ez garela herri konkretu batzuetan zentratzen, gerran dauden eta beharra duten haietan banatzen dugu. Gutxinaka, kaxa asko utzi ditugu Ukrainarrentzat eta hori guretzat aberasgarria da. 

Gaur ez dugu kamioirik bidaliko, arropa antolatzen ari baikara, eta dena txukun-txukun uzten. 

 

Zenbatero ateratzen da kamioia Hernanitik? 

Egoeraren araberakoa da, eta gure baliabideen araberakoa. Pentsatzen ari gara astero bidaltzea materiala. 

 

Errumaniako mugara zoazte, eta ez Poloniako mugara.  Zer dela eta? 

Polonoiako mugan sekulako kaosa sortzen da, bertara joaten baitira Italiatik, Alemaniatik, Frantziatik, Portugaletik…Denak han biltzen dira, eta esan bezala, sekulako nahasmena sortzen da. Ez dago kamioientzako tokirik, ezta materialak uzteko eremurik ere. Gertatu da kamioiak astebete itxaron duela deskargatu ahal izateko. Arazo honen aurrean, Errumaniako mugara joatea erabaki genuen, denbora aurrezten genuelako eta kudeatzeko errazagoa zelako. 

Poloniako mugatik laguntza asko eskatu dute, baina egoera kontrolaezina da. Aipatu moduan, lurralde ezberdinetako materialak heltzen dira, eta ez dago tokirik, txandak daude, beraz, batzuek Errumaniako mugara joateko hautua hartu dugu. 

Atzo, adibidez, bi furgoneta eraman genituen. Poloniako mugara joan behar zen, ukrainarrak beste lurralde seguru batzuetara garraiatzeko, tartean haurrak zeuden. Eraman genituen pixoihalak, elikagaiak, botikak… 

 

Ukrainako egoera ezagututa, boluntarioek beldurra 
sentitzen dute?

Bai noski, beldurra da azken aldian nagusi den emozioa. Batzuk Ukrainatik ihes egin nahian dabiltza eta ezin dute, eta hemen dauden askok bertara joan nahi dute laguntzera. Beti dago beldurra; gerra batera joanez gero, ez dakizu kontatuko duzun bizitakoa. 

 

Errefuxiatuei eta Ukrainan daudenei laguntzeko eramaten duzuen kamioiak Hernanin egiten du geldialdietako bat, baina aurrez Tolosan egoten da. Nola lortu zenuten kate hau sortzea?

Ahoz aho talde txikiak sortzen joan ziren, eta azkenean, boluntario gisa ibili garenok jakin dugu zertan dabilen ondokoa. Horrela egin genituen herrien arteko loturak. Esan behar dut, honelako laguntzak egiten gaituela gizaki, eta ikusi dut, inguruan balio duen jende asko dagoela, laguntzeko prest dagoena. 

 

Zer nolako laguntza behar duzue? Materialak, 
boluntarioak… 

Momentu honetan beharrezkoena materiala da, boluntarioak badauzkagu. Boluntario bezala lagundu nahi duena, beti izango da ongi etorria, baina aipatu moduan, material faltan gaude. Elikagaiak, batez ere kontserbak, haurrentzako pureak…  Botikak ere behar ditugu, zaurientzako, minarentzako… Halaber, hankentzat krema bereziak ere eskatu nahi ditugu, izan ere, egun ugari pasatzen dituzte oinetako berdinekin, eta egoera kaxkarrean dauden oinetakoak dira. Hezetasunak oinak usteltzen ditu, eta larria da.  

Sortu dugun taldea modu boluntario batean egiten dugu lan. Eta lokalean aritzen  garen jendeaz gain, Hernanin herritar askoren laguntza jaso dugu. Adibidez, nire umearen ikastolako amek laguntzen naute. Gure eginbeharra da dendetatik hartzea materiala, BMtik, Eroskitik….

 

Aipatu duzu Hernanitik laguntza asko jaso duzuela. Gainontzeko herrietatik ere ezta? 

Bai, noski. Goizueta eta Aranotik ere jasotzen dugu materiala, eta lehen aipatutako herrietatik, esaterako, Tolosatik, Beasaindik, Murtikutik… 

 

Ereñotzu Auzoko 101 zenbakian dagoen enpresa batean egiten duzue bilketa. Nola lortu zenuten lokal hau? 

Bi Lorea Plasticos izeneko enpresa jarri dugu Hernaniko bilketa puntu nagusia, bertan sartu daitekeelako trailerra. Beste lekuetan ez da horrelako kamioirik sartzen. Eta lokal hau, nire anaiagatik lortu dut. Duela urte batzuk, enpresa honetan egiten zuen lan anaiak, eta bertako nagusiarekin sekulako harremana egin zuen. Eta horregatik, lokal honen nagusiak lokala utzi dit, esanez argia eta bertako gastuak berak ordainduko dituela, eta oso-oso eskertuta gaude Joakinekin.

Hasiera batean, furgonetekin eramaten genuen materiala, baina zaila zen. Eta buruari bueltaka, behin etxean afaltzen geundela, anaiak esan zidan nagusiak lokala utziko zidala. Hor barruan zerbait piztu zitzaidan, eta dena lotzen hasi nintzen. Giltzak jaso bezain laster, material mordoa jasotzen hasi ginen, furgoneta ugari etortzen ziren… Ikusgarria zen jendearen inplikazioa. 

 

Zuretzat, beraz, lehen astea nahiko nahasia izan zen, ezta?

Esertzeko denborarik ere ez nuen hartzen, baina orain dena ordenean daukagu eta txukun jarrita.  Sailak egin ditugu lokalean, jakiteko non dagoen gauza bakoitza, arropak, elikagaiak…. Bi astez egon naiz atsedenik hartu gabe, eta bi seme-alaba ditut.  

 

Zenbat boluntariok egiten duzue lan Hernaniko bilketa puntu nagusi honetan?  

Ez dugu plantilla finkorik, nik gainera ez dut inor behartzen, ez dut ordutegirik ezartzen. Nik esaten diet, «arratsaldeko 18:00etan dator trailerra eta materialez bete behar da». Etortzeko aukera duena etor dadila, eta beste konpromisoren bat izanez gero, normala da.  Ez dut orduen apunterik egiten, modu boluntario batean gaude, ukrainarrei laguntzeko, eta horretan daukat burua. Etortzen direnak lanerako gogoz datoz, beraz, ni horrekin gelditzen naiz. 

 

Ukrainarrak zarete denak? 

Bai, bertan gauden gehienak hangoak gara. Asko duela gutxi etorri ziren, batzuk gerra hasi baino lehen eta beste batzuk gerra hasi bezain laster. Boluntario batzuek ezagutu dute zer den gerra, baina ihes egiteko aukera izan dute eta hemen daude, han gelditu direnei lagundu nahian. Egoera larria izateaz gain, tristea da. 

 

Duela hiru aste bizitza aldatu zitzaizun… 

Bai, Ukraina aldatu da, eta egoera benetan larria da. Eta ukrainarrei laguntzeko hautua egin nuen, eta bizitza aldatu zait bai. 

Nik nire egunerokotasunean lan egiten dut. Baina deitzen badidate lan eskaintza batetik, esaten diet momentu horretan lanik ez dudala. Horrela, behar duen bati eskaintzen diot lan hori. Beharra duten haiek elikatu izan ditut askotan, edo arropa oparitu…

Aipatu behar dut, senarrak asko laguntzen didala bilketa kontu guztiarekin. Nire antzera ibiltzen da, lana amaitu eta zuzenean bilketa puntu nagusira joaten da kaxak txukuntzera edo kamioia betetzera. Senarraren laguntza asko eskertzen dut. 

 

Hernaniarra sentitzen zara, ezta? 

Bai, oso harro nago hernaniarra izateaz. Orain arte bizi izan naizen herririk egokiena eta politena da bizitzeko. Asko maite dut Hernani, eta baita hernaniarrak ere. Hernanira etorri arte probatu dut bizitzen Egian, Antiguon, Andoainen, Tolosan… baina Hernanik konkistatu du nire bihotza. 

 

Behin kamioiak mugara iristean, badakizu nola funtzionatzen duen banaketak? 

Taldeka banatzen da, eta egia esan, benetan ez dakit nola egiten duten banaketa, ezb bainago han, neure begiekin ikusteko. Baina dakidana da taldeka egiten dela banaketa, botikak ospitaletara, etabar. Kaxa pare bat uzten dituzte irekita, eta ukrainarrak kaxetara hurbiltzen dira eta behar dutena eskatzen dute. 

Gainera, pentsatzen ari gara arropaz betetako furgoneta bat eramatea Ukraina aldera. Izugarrizko hotza ari dira pasatzen, egoera kaxkarrean dauden arropak dituzte, zuloz betetako oinetakoekin doaz… Nola ez dute hotzik pasako…? Nire haurren arropak beti oparitzen ditut, eta ohitura dut Ukrainara bidaltzeko, han baitaukat familia. 

 

Momentu honetan, han daude? 

Bai, nire ahizpa bertan dago, egoera jasanezin batean, eta beldurrez beteta. Ez daki eguna bukatzerako bizirik jarraituko duen edo ez, ez daki bere herrira bombak helduko diren edo ez… 

 

Zer esango zenuke Euskal Herritik jaso duzuen laguntzari buruz? 

Bihotz oneko jendez beteta dago Euskal Herria, benetan diot. Asko eta asko laguntzen dute euskaldunek. Euskaldunekin oso eskertuta nago, eta benetan diot, beste toki batera joaten naizenean, nabaritzen dut ez dagoela hemen daukazuen enpatia berbera. Eta toki guztietan dago denetik, esan nahi dut, jende ona, ez hain ona… Baina Euskal Herrian, eta batik bat Gipuzkoan, oso ondo portatzen zarete. 

Nik ere asko ikasi dut euskaldunez, beste modu batera laguntzen dut. Edonor etortzen da bilketa gunera, eta behar duena hartzeko aukera ematen dugu. Lau bat familia pasa dira dagoeneko. Gure helburua ez da bakarrik Ukrainari laguntzea, behar dutenei laguntzea baizik, gaizki edo egoera kaxkarrean dagoen horri. 

 

Gerra amaitu arte daukazue asmoa material bilketan jarraitzeko…

Noski, egoera jasanezin hau amaitu arte lanean eta laguntzen jarraitzeko asmoa daukagu. Duela gutxi, eskaini ziguten Errekalde auzoko enpresa bat, beste bilketa puntu gisa erabiltzeko. Baina momentuz, Ereñotzuko lokalarekin nahikoa daukagu, eta trailerra sartzen den eremu bakarra da. Beraz, egoera hobetzen bada eta material gutxiago eramaten hasten bagara Errekaldeko bigarren aukera hori daukagu. Hala ere, Errekaldeko lokal hau, bilketa puntu gisa dagoeneko martxan dago. 

 

Ukraina lagundu nahi dutenek, zer egin behar dute?

Lagundu nahi dutenek Ereñotzu Auzoko 101 zenbakiko Bi Lorea Plasticos enpresara etortzeko aukera dute, eta hemen egongo gara, besoak zabalik. Mota guztietako materiala izango da ongi etorria eta boluntarioak ere bai, noski. Honako ordutegi honetan egongo gara: astelehenetan, asteartetan, ostegunetan eta ostiraletan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara. Ea denon artean, Ukrainan daudenen eta muga pasatzen ari direnen egoera hobetzerik daukagun. k

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!