Eduardo Chillida-Pilar Belzunce eta La Caixa fundazioek 'Lotura' proiektua aurkeztu dute

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Lotura proiektuaren aurkezpenean; Angel Garabieta, Luis Chillida eta Nausica Sanchez. Argazkia: Myriam Setoain.

2022ko martxotik abendura egongo da martxan 'Lotura' programa, eta 80 pertsonak baino gehiagok izango dute aukera hari etekina ateratzeko. Gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonentzako zuzendua dago.

Ostegunean aurkeztu zuten Lotura proiektua, Chillida Lekun. Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak garatu du proiektua, eta La Caixa Fundazioaren eta CaixaBanken babesa du. Proiektu honek, museoa eta gizartea lotu nahi ditu.

Funtsean, esplorazio eta sorkuntza artistikorako eremua izan nahi du, gizarte-bazterketa, pobrezia edo zaurgarritasun-egoeraren bat jasateko arriskuan dauden pertsonentzat. Bitartekari kultural batek edo artista batek dinamizatuko du proiektua, artea, natura eta ongizatea lotzeko helburuarekin.

Proiektuan parte hartu duten pertsonekin lotura eta harreman iraunkorra sortzeko asmoz, bost saiotan egituratutako programa prestatu dute. Proposatuko diren jarduerak horizontaltasunean eta entzute aktiboan oinarrituko dira. Gainera, jarduerak taldean eta elkarlanean egiteko daude diseinatuta.

 

Jarduera mordoa

Guztira, bost saio antolatu dira. Lehenengo saioan, bisita dinamizatua egingo da Chillida Lekura. Honetan, parte-hartzaileek zentzumenen bidez ezagutuko dute museoa. Bisitan zehar, museoko lanik adierazgarrienak  ikusi eta Chillidaren lanen xehetasunak ezagutuko dituzte.

Bigarren saioan, baso-bainuak eta Land Arta landuko dute. Parte-hartzaileek aukera izango dute baso-bainuen bidez natura modu berri bezain ezagunean sentitzeko. Horrela, Chillida Lekuko lorategien gozotasunez gozatu ahal izango dute Itziar Insausti, baso-bainuetan espezializatutako gidariaren eskutik.

Hirugarren saioan, argigrama tailerra egingo da. Nagore Legarreta argazkilariak emango duen tailer honetan, argigrama teknika ezagutuko dute.

Laugarrenean, eskultura habitatzea landuko dute. Myriam Pérez Cazabon koreografoak, eskulturak gorputzaren bidez sentitzen erakutsiko die.

Azken saioan, lurrarekin esperimentatuko dute. Aitor Ruiz de Egino eskultore hernaniarrak, Eduardo Chillidak bere ekoizpen artistikorako erabiltzen zuen material zeramikoa erakutsiko die. Horrela, Chillidaren lengoaia plastikoetara hurbilduko ditu parte-hartzaileak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!