Etxean ariko dira bihar Euskal Ligako bi taldeak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Mutilak, Sestaoren kontrakoan.

Hernaniko neskek Sestao bigarrena hartuko dute 12:00etan, eta mutilek Udapako talde gaztea 10:00etan.

Etxean jokatuko dute, asteburu honetan, Hernaniko bi boleibol talde nagusiek; eta Euskal Ligako azkeneko jardunaldia izango da, bientzat. Bihar daukate hitzordua, eta goizean hasi eta eguerdira arte, goi-mailako boleibolaz gozatzeko aukera izango dute zaleek, Hernaniko kiroldegian.

Mutilek jokatuko dute aurrena, goizeko 10:00etan hasita; eta Udapa Jatorkideko jubenilen taldea izango dute aurrez aurre. Irabazi beharreko partidua dute hernaniarrek, jokatutako 15 partiduetatik hiru bakarrik irabazi baititu talde gasteiztarrak. Hernanik, berriz, zazpi garaipen lortu ditu, eta bosgarren dago sailkapenean, baina gora egiteko aukerarik gabe. Bihar irabazita, postu hori ziurtatu dezake.

Neskek, berriz, eguerdiko 12:00etan hasiko dute partidua, Sestaoren kontra. Talde indartsua izango dute aurrean, ligako bigarren sailkatua; baina denboraldia ondo bukatu nahi dute hernaniarrek, garaipen batekin, sailkapeneko seigarren postua ziurtatzeko.

Beste zazpi partidu jokatuko dituzte Hernaniko taldeek, asteburuan. Eta horietatik hiru, etxean ariko dira, gaur 10:00etan hasita: neska kadeteen Hernani 2 eta Hernani 4 taldeak; eta neska infantilen Hernani 1 taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!