Bi estropada izango dituzte Hernaniko batelek, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Donibane Lohitzunen ariko dira Hernaniko batelak, gaur.

Gipuzkoako Ligaren barruan, Donibane Lohitzunen ariko dira gaur, 15:30etan hasita, eta Getarian bihar.

Zita bikoitza izango du Gipuzkoako Batel Ligak, asteburu honetan; eta bietan izango dira Hernaniko Arraun Elkarteko zortzi batel, kategoria ezberdinetan.

Lapurdin jokatuko dute aurrenekoa gaur, Donibane Lohitzunen, arratsaldeko 15:30etan hasita. Urdazuri ibaian izango da estropada, izen bereko auzoaren parean hasita; eta ziabogan ez ezik, ibaiaren bihurguneetan ere maniobratu beharko dute gaurkoan. Infantilek 1.000 metroko ibilbidea osatuko dute, promesek 1.500 metrokoa, eta jubenilek eta absolutuek 2.000 metrokoa. Ziaboga bakarra egingo dute denek, baina ibaian gorago iritsiko dira helduagoak.

Bihar, berriz, Gipuzkoan lehiatuko da batel ligako bederatzigarren estropada. Goizeko 11:00etan hasiko da, Getariako portuaren kanpoaldean; eta itsaso zabalera bidean osatuko dute estropada. Gaurko berberak izango dira distantziak bihar ere, ziaboga banarekin, itsasora gehiago edo gutxiago aterata: infantilek 1.000 metro, promesek, 1.500 metro, eta jubenilek eta absolutuek 2.000 metro.

Asteburuko bi estropadak jokatuta, beste bi jardunaldi bakarrik faltako dira, Gipuzkoako Batel Liga bukatzeko. Araban izango da hurrengoa, datorren igandean, Legution. Eta Pasai San Juanen jokatuko dute azkeneko estropada, apirilaren 2an. San Juanekoa, gainera, Gipuzkoako Txapelketarako kanporaketa ere izango da, eta egun horretako onenek, hurrengo egunean izango dituzte finalak, San Juanen bertan. Horrekin bukatuko dute batel denboraldia gehienek; Euskadiko eta Espainiako txapelketetara sailkatzen ez diren guztiek, hain justu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!