«Zalantza asko izan nituen 'Conquis'era joateko, ez delako nire ohiko mundua»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Sandra Gomez, Urnietan duen Beti Beauty erropa dendan lanean, 'Conquis'eko esperientzia «gogorraz» aritu ondoren.

Abenturazale amorratua ez izan arren, Sandra Gomezek 'El Conquistador del Caribe'ren 18. edizioan parte hartu du. Programan bere burua hobeto ezagutu ondoren, Dominikar Errepublikan bizitako esperientzia «gogor» eta «beldurgarriaren» berri eman dio Kronikari. 

Zein zen zure txikitako ametsa? Bete duzu?

Nire txikitako ametsa, modaren munduaz bizitzea zen. Oraindik ez dut guztiz bete, baina betetzeko bidean nabil, buru-belarri.

 

Nolakoa da Sandra?

Abenturazalea ez, baina emakume leial, langile eta zintzo bezala identifikatzen naiz. 

 

Zein ikasketa egin dituzu?

Txikitan Urumea ikastolan ikasi nuen, gero, batxilergoa burutu nuen, eta ondoren, pentsatu nuen psikologia edo zuzenbidea ikastea. Azkenean, Urnietan kokatzen den Beti Beauty denda sortu nuen.

 

Betidanik gustatu izan zaizu kirola? 

Bai, txiki-txikitatik gustatu izan zait kirola egitea. Karatea egiten hasi nintzen, Hernanin, eta aurrerago, gimnasiora joateari ekin nion: spinninga, aerobika, eta abar. 

Egia da, bolada batzuetan kirol gehiago egin dudala beste batzuetan baino, baina hala ere, beti kirola egiten saiatzen naiz. Gainera, duela bi urte inguru, korrika egiten hasi nintzen Donostiako Be runners taldean, eta orain, New Yorkera goaz, maratoi erdian parte hartzera.

 

Noizbait pentsatu duzu telebistan aterako zinenik?

Conquis bezalako programa batean, ez nuen sekula ere pentsatu parte hartzea lortuko nuenik. Lehenagotik, EITBn atera nintzen kolaboratzaile moduan modaren inguruan hitz egiten. Hala ere, Conquisera joateko ideia, pasa den urteko maiatzean izan nuen.

 

Telebistan agertzeak, zerbait aldatu du zure bizitzan?

Telebistatik irten ondoren, nire bizitzak ez du aldaketa haundirik izan. Denak berdin-berdin jarraitzen du: jaikitzen naiz, kirola eta lana egiten dut, nire betiko bezeroekin, nire familia eta lagunekin egoten naiz...

 

Nola iritsi zinen 'Conquis' programan parte hartzera?

Joan den urtean, programa ikusten nenbilela,  zerbait sentitu nuen nire barnean, joateko esaten zidana. Neskak ikusten nengoela, Atabey-ak, han egon nahi nuela esaten hasi nintzen. Niretzat astelehen eta asteazkenak sakratuak ziren, hau da, Conquis ikusi behar nuen bai ala bai. 

Hasieran, zalantza asko izan nituen, izan ere, ez da nire ohiko mundua. Ez naiz abentura zalea, ez dut eskalada egiten... Baina, barnean, banekien joan behar nuela, eta hala egin nuen. Uztailean, castingak hasi ziren, eta joatea erabaki nuen. 

Castinga egiten ari nintzela, sentitu nuen banuela hautatua izateko aukera, gehien bat ez naizelako Conquisera joaten den kirolari eredua.

Familiak eta lagunek, hasieran, zoratuta nengoela esaten zidaten, ez zuten sinesten joateko nuen nahi hori. Baina, azken finean, ezagutzen naute, eta badakite, buruan ideiaren bat sartzen bazait, lortu arte ez dudala amore emango.

 

Zer nolako esperientzia izan da? Gomendatuko zenuke?

34 urte ditut, eta niretzat esperientzia bezala, ikaragarria eta aldi berean, gogorra izan da. Buruan oso argi izan behar duzu, sufritu eta, batzuetan, beldurra izango duzula. 

Niretzat, momentuz, bizitzan bizi izan dudan abentura zoro eta haundiena izan da. Egitea lortzen duzun guztia, psikologikoki pauso haundi bat da. Asko ikasi dut nire buruaz, eta gainera, abenturan ezagutu ditudan pertsonak, opari bat izan dira niretzat.

Ez nioke edozeini gomendatuko Conquisen parte hartzeko. Bakoitzak nahi duenaren eta bizitzan bilatzen ari denaren arabera soilik gomendatuko nioke joatea. 

Oso gogorra da, eta buruan oso argi izan behar duzu, nora zoazen. Telebistan ikusten da nolakoa den abentura, baina kontuan izan behar da, ikusten dena esperientziaren zati bat dela soilik, ezinezkoa delako 24 orduak erakustea.   

 

Errealitatera itzultzea gogorra izan da?

Handik ona itzultzea oso gogorra izan da. Batez ere, nire burua prest ikusten nuelako han denbora gehiago egoteko. Banekien irabaztera ez nintzela iritsiko, indar fisikoa ez dudalako jendeak duen beste. 

Hara iritsi nintzenean, burura etorri zitzaidan lehen zalantza, ea non sartu nintzen izan zen. Jende askok crossfita, eskalada, eta hainbat kirol egiten urte asko zeramakien; nik, aldiz, haien parean ez nuen kirol askorik egiten. Banekien fisikoki ahulenetarikoa nintzela. 

Hala ere, ez zait gustatzen nire burua ahultzat identifikatzea; izan ere, hara iristea lortu dut. Argi nuen, buruak ez zidala huts egingo. Kanpamendu txiroan, aberatsa sentitzen nintzen, pozik. Bi gauza garrantzitsu behar dira Conquisen, fisikoa eta burua. 

Argi ikusi zen hori, nire kasuan: 12 metroko saltoan beldur haundia nuen, 30 minutu eman nituen negarrez, baina hala ere, argi nuen etxera ez nintzela bueltatuko salto hori ez egiteagatik.

Lehenengo egunak, oso-oso gogorrak izan ziren, baina gero, askoz hobeto nengoen. Abenturan egun gehiago emateko indarra nuela ikusten nuen.

 

Momentu honetan, proiektu berririk baduzu buruan? 

Proiektu txiki bat du buruan bueltaka. Ez du zer ikusirik Conquisekin, baina bai zer izan den niretzako abentura. Ez dakit gauzatzea lortuko dudan, baina ideia badaukat. 

Gehien nabaritu dudana da, jendeak ezagutzen nauela eta programan esandako esaldiren batez oroitzen direla. Gehien bat, sare sozialetako jarraitzaile kopuruan  nabaritu dut aldaketa haundiena; hori izan da abenturaren ondorio nabarmenena.  Asko pozten nau horrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!