Antzerki zikloa izango da hilaren 22an, 23an eta 24an, eta sarrerak salgai daude

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 18a, 00:00

Hiru antzerkiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira. Sarrerak 'kultura.hernani.eus' webgunean eta Biterin daude salgai, 8 euroan.

Urtero bezala, berriz ere Hernanin da Antzerki zikloa. Oraingoan, hiru obra ikusteko aukera izango da: Eresia, Calma! eta Kopaz Kopa. Obrek askotariko gaiak landuko dituzte heriotzatik eta eguneroko presetatik hasita, komediara arte. Eresia eta Kopaz kopa obrak euskaraz izango dira, berriz Calma!, gaztelaniaz.

Oraingoz, sarrerak badaude, eta  Hernani kultura webgunetik ala leihatilatik eskuratu ahal izango dira. Bonoekin erosi nahi duen orok, leihatilan erosi behar izango ditu sarrerak. 

Joan den urtean, beste hiru obrek osatu zuten Antzerki Zikloa: Tanttaka teatroaren Ameriketako bidaia; Arden produccionesen Shakespeare en Berlin, eta ATX teatroren Lubaki lainotsua. Aurten bezala, horietako bat gazteleraz, eta beste biak euskeraz gozatu ahal izan ziren. Antolatzaileek azaldu zutenez, berehala agortu ziren sarrerak. Beraz, oraingorako, azkar ibiltzea gomendatu dute.  

 

Hiru obra, ikusgai

Antzerki zikloa Eresia antzezlanarekin estreinatuko da, Biteri kultur etxean. Oier Zuñigaren zuzendaritzapean, Eneko Gil, Belen Cruz eta zuzendaria bera arituko dira aktore lanetan. 65 minututan, heriotzaren gaineko obra aurkeztuko dute hernaniarren aurrean. Azken finean, obraren helburua da heriotza dakarren doluari eta minari buruzko gogoeta egitea, mota askotariko forma artistikoetatik abiatuta. 

Calma!ren kasuan, aldiz, Guillem Albá izango da zuzendaria, eta 60 minutu iraungo ditu obrak. Antzezlanak egunerokotasuneko presa izango du oinarri. Bestalde, klowna izango da obraren protagonista; txotxongiloak, keinuak, itzalak eta musikaren laguntzarekin. 

Zikloari amaiera emateko, martxoaren 24an, Ados Teatroa taldearen Kopaz kopa obra ikusteko aukera egongo da. Garbiñe Losada da obraren zuzendaria. Bere aginduetara egongo dira obran parte hartuko duten bost aktoreak: Iñigo Aranbarri, Ainhoa Aierbe, Asier Sota eta Ainara Ortega hernaniarra, hain justu.

65 minutuko obra da Kopaz kopa. Honetan, hainbat gai jorratuko dira: besteak beste, bakardadea, indibidualismoa, adiskidetasuna, denbora, eta  iraganaren eta gaztaro galduaren malenkonia. Gai horiek guztiak kutsu dibertigarri batetik jorratu dituzte; komediatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!