Euskerazko hedabideak finantzatzeko hitzarmena berritu da erakundeekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 16a, 00:00

Euskadiko Artxibo Historikoan berretsi zuten hitzarmena.

Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek hedabideak diruz laguntzeko hitzarmen markoa berretsi dute.

Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko hiru Foru Aldundien ordezkariak Bilbon bildu ziren aurreko astean, Euskadiko Artxibo Historikoan, euskerazko hedabideak diruz la­guntzeko hitzarmen markoa be­rritzeko. Ekitaldian, erakunde pu­blikoak ez ezik, hedabideen or­dezkariak ere izan ziren, tartean Tokikom, tokiko hedabideen ordezkaria, hala nola Kronikarena. 2019an egin zen bezala, beste hiru urterako marko bat onartu da, 2022-2024 bitartean indarre­an egongo dena. 

Guztira, urtero 11,5 milioi eu­ro bideratuko dira hedabideon jarduna finantzatzera. Erakundeek azaldu dutenez, hitzarmenak bi helburu nagusi ditu: euskerazko hedabideon garrantzia aitortzea, eta sektorea egonkortu eta sendotzeko eredu berri bat bilatzea. Hiru urte hauetan sakontzeko hainbat gai dituzte erakundeek zein hedabideek sortutako mahaian. Tartean, hedabidegintzak bizi duen krisiari aurre egiteko berrikuntza beharrak eta digitalizazioa. Tokikomeko zuzendari den Alaitz Artolazabalen esanetan, «azpimarratzekoa da erakundeek eta hedabideek elkarrekin lan mahai bateratua osatu eta langaiak bertan adosteko egindako ibilbide emankorra».

Kronika ere, hitzarmenean 

2019an sinatu zen hitzarmenak zehazten zuen bezala, oraingo honetan ere erakunde bakoitzak hedabide zehatz batzuk laguntzeko ardura hartuko du. Eusko Jaurlaritzak bideratuko ditu EAE osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkarien zein aldizkari espezializatuen, tokiko telebisten, tokiko irratien eta hedabide digital hutsen dirulaguntzak. Hiru foru aldundiek, aldiz, bakoitzaren lurraldean euskera hutsean argitaratzen diren herri edo eskualde mailako paperezko hedabideak lagunduko dituzte. Guztira, urtero 11,5 milioi euro izango dira, aurreko hitzarmenean, 2019an, adostutakoa baino %4,4 gehiago. Hitzarmenaren funtzionamendu egokia zaintzeaz, Jarraipen Batzorde bat arduratuko da. 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu den Bingen Zupiriak azaldu zuenez, «Eusko Jaurlaritzaren legealdi honetako Gobernu Programak euskeraren ezagutza eta erabilera areagotzeko konpromisoa hartu du, eta joan den astean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genuen Euskararen Agenda Estrategikoak ere bere egiten du konpromiso hori. Beraz, Eusko Jaurlaritzak euskeraren erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidean behar beharrezko ikusten du euskerazko hedabideen eginkizuna, bai publikoena, eta baita pribatuena ere. Euskeraren kalitatezko erabileraren ikuspegitik ere ekarpen azpimarragarria egiten dute. Gure hizkuntzak euskerazko hedabideak behar ditu».

Hekimen elkartetik Igor Astibiak adierazi duenez, «hizkuntzaren normalizazioa bilatzen duen edozein egitasmorentzat berebiziko garrantzia du euskerazko komunikabide sare zabal eta sendoa izateak. Izan ere, eskaintza horri esker, milaka lagunek euskeraz bizitzeko aukera haundiagoa dute. Gainera, hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere bada, eskaintza aniztasuna baita iritzi aniztasunaren oinarrietako bat. Eta ez dezagun ahaztu, iritzi aniztasuna dela demokraziarako bermea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!