Etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntza deialdia zabalik dago

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 00:00

Alokairurako dirulaguntzak jarri dira.

186.000 euroko partidak bideratuko ditu Udalak eta bi modalitate daude: 18-35 bitartekoena, eta helduenak, 36 urtetik gorakoena.

Zortzigarren urtez, Hernaniko Udalak etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak bideratuko ditu. Guztira, 186.000 euroko partida bideratuko du Udalak horretarako. Bi modalitate daude: gazteenak (18-35 urte bitartekoena) 93.000 euroko partida du eta helduenak (36 urtetatik gorakoena), 93.000 euroko partida. Eskaerak egiteko epea maiatzaren 11n bukatuko da.

Hernaniko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratutako laguntzak bi helburu nagusi dituzte: bereziki pertsona gazteei laguntzea euren emantzipazio bidean eta, modu orokorrean,  herrian etxebizitzen alokairua sustatzea. Deialdia Hernaniko herrian alokairuan bizi diren 18 urtetik aurrerakoei zuzendua dago. 

2022ko deialdiaren ezaugarriak

Diruz lagunduko diren alokairu-gastuak 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 artekoak izango dira. Bakarka edo bizikidetza-unitate gisa eska daiteke. Erroldari dagokionez, Hernanin erroldatuta egon behar da 2021eko azaroaren 11 baino lehen (etenik gabe). Erroldatutako eta alokairu kontratuko pertsona helduek bat etorri behar dute. Diruz lagunduko den gehienezko alokairu-errenta 750 eurokoa izango da.

Bizikidetza-unitateko diru-sarreren mugak

Deialdian sartzeko diru sarreren mugak ondorengoak dira: bakarka, 28.000 euro gordin urtean; kide bat baino gehiago, 39.000 euro gordin urtean; autonomoei, 22.330 euroko sarrerak dituztela kontabilizatuko zaie.

Eusko Jaurlaritzak onartuak dituen alokairu laguntzen deialdiek lehentasuna izango dute: Gaztelagun (18 eta 35 urtekoentzako dirulaguntza)
DSBEren (Diru-sarrerak bermatzeko errenta) EPO (Etxebizitzarako dirulaguntza osagarria) laguntza, GLL (Gizarte-larrialdietarako laguntzak) eta Prestazio Subjektiboaren Eskabidea. Hori dela eta, 18.000 euroko diru-sarrera gordinak baino gutxiago dituzten 18 eta 35 urte bitarteko gazteek Gaztelagun dirulaguntzaren eskaria egin beharko dute udaleko eskaria egin aurretik.

Onuradunak jaso dezakeen urteko gehienezko dirulaguntza 3.300 eurokoa da.

 

Ekaina amaiera aldean argitaratuko da behin-behineko ebazpena

Oinarriak udaletxeko iragarki taulan eta udaleko web-orrian argitaratuak daude. Herritarren Harrera Zerbitzuan (hhz) oinarri inprimatuak eskuratu daitezke.

Eskaera-orria eskuragarri dago udal webgunean eta Herritarren Harrera Zerbitzuan. Eskaera-orria egoki bete eta beharrezko dokumentazioa atxikita udal erregistroan aurkeztu behar da. Aurreko urteetan eskatzaile izan bazara, eta dagoeneko eskatzen den dokumentazioa Udalean badago, ez duzu berriro aurkeztu beharko.

Behin eskaera guztiak aztertuta, beharrezkoa den kasuetan, dokumentazioa eskatzeko epea zabalduko da. Eskatzaileari gutun bidez jakinaraziko zaio zein dokumentazio aurkeztu behar duen.

Ekaina amaiera aldera espero da dirulaguntzaren behin-behineko ebazpena. Eskatzaileei gutun bidez jakinaraziko zaie onuradun izan diren eta horrela bada zenbateko dirulaguntza jasoko duten. Dirulaguntza bi zatitan ordaintzen da. Lehen ordainketa ebazpenaren ondoren egiten da, horretarako dagokion dokumentazioa aurkeztu ondoren. Bigarrena, berriz, 2023ko urtarrilean izango da.

Dirulaguntza hauen kudeaketa Politika Sozialetako Haur, Nerabe eta Gazteria Arloak (Aristizabal, 7) kudeatzen ditu.  Informazio zehatzagoa behar izanez gero, ondorengo harremanerako bideak ditugu: gazteria@hernani.eus edo 943 337041.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!