Alde haundiarekin irabazi dute, Hernaniko bi talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 00:00

Sekulako mailan aritu zen Euskal Ligako taldea, Landaren.

Ohorezko B Mailako taldeak 0-24 irabazi zuen Ourensen, eta Euskal Ligakoak 53-14 Arrasateren kontra.

Primerako asteburua izan da, Hernaniko errugbi talde nagusientzat: erosotasunez eta alde haundiarekin irabazi dituzte beraien partiduak, Ohorezko B Mailako mutilek eta Euskal Ligako neskek.

Galiziara egin zuten bidaia mutilek, larunbatean, atzeratuta zeukaten partidua jokatzeko. Ourense izan zuten aurrez aurre, multzoko hirugarren sailkatua; eta espero baino erosoago nagusitu ziren trikoloreak. Partidua hasi eta bederatzi minutura lortu zuen aurreneko entsaioa Eneko Garciak, Anartz Elosegik transformatu zuena (0-7). Baina emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarrenean, ordea, hernaniarrek gehiago asmatu zuten erasoan, eta sendotasun berbera mantendu zuten defentsan. Iker Burugainek, Xabier Lukasek eta Jokin Oleak lortutako entsaioekin, 0-24 nagusitu ziren trikoloreak, garaipena eta bonusa lortzeko. Horrela, 12 puntura haunditu du aldea Hernanik, Eibar bigarrenarekin.

 

Bigarren postura igo da Hernani, Euskal Ligan

Euskal Ligan, berriz, hasieratik lortu zuen alde haundia Hernanik, larunbatean Landaren, Arrasate-Ordiziaren kontra. Trikoloreek hiru entsaio lortu zituzten aurreneko ordu laurdenean, Mar Rodriguezen, Alazne Maciciorren eta Amy Diameren eskutik; eta beste lau egin zituzten, atsedenera iritsi aurretik: Inaya Endeizak, Diamek, Aiora Hijarrubiak eta Lierni Rotetak. Gainera, bi transformazio lortu zituen Enara Arrutik, eta beste bat Hijarrubiak. Horrela, 41-0ekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea. Bigarren zatian, beste bi entsaio gehitu zituen Naroa De La Fuentek, eta 53-0 zirela, bi entsaio lortu zituen Arrasate-Ordiziak, bukaera aldera (53-14). Emaitza horrekin, sailkapeneko bigarren postura igo da Hernani, La Unicak Gaztediren kontra galdu zuela aprobetxatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!