Hernaniko neska absolutuen eta promesen batelak garaile, Orion

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 00:00

Maila ederrean aritu ziren Hernaniko batelak, beste behin.

Garaipen erosoa lortu zuten biek, Gipuzkoako Batel Ligaren zazpigarren estropadan.

Orion jokatu zuten, larunbatean, Gipuzkoako Batel Ligako zazpigarren estropada. Bertan aritu ziren Hernaniko Arraun Elkarteko zortzi batel, eta garaipena lortu zuten horietako bik: neska promesen batelak, eta neska absolutuenak. 

Liga osoan zehar erakutsitako maila bikaina berretsi zuten neska promesek, eta sei segundutik gorako aldearekin nagusitu zen Hernani A, 7:15 denborarekin, Tolosaldearen aurretik. Horrela, lidertza sendotu dute sailkapen nagusian, eta abantaila haunditu dute. Hernani C zortzigarren izan zen (7:50) Orion, eta Hernani B 10garren (8:00).

Neska absolutuek ere, garaipen erosoa lortu zuten Orion, 10:31 denborarekin. 16 segunduren aldea lortu zuten, Hibaikarekin.

Maila ederrean aritu zen Hernani, gainerako kategorietan ere. Neska jubeniletan, hirugarren sailkatu zen, 10:10 denborarekin, Zumaiaren (9:57) eta San Juanen (10:01) atzetik. Mutil promesetan, berriz, laugarren izan zen Hernani (7:05), San Juan irabazleak (6:48) baino 17 segundu gehiago markatuta. Eta infantiletan, zazpigarren bukatu zuten Hernaniko bi taldeek: neskek 5:27 denboran osatu zuten proba, Zumaia irabazleak (5:07) baino 19 segundu gehiago; eta mutilek 5:16 denbora egin zuten, Orio garaileak (4:50) baino 26 segundu gehiago.

 

Jardunaldi bikoitza, datorren asteburuan

Datorren asteburuan, berriz, bi estropada jokatuko dituzte, Gipuzkoako Batel Ligan. Larunbatean, Lapurdin ariko dira, Donibane Lohitzunen; eta Urdazuri ibaian jokatuko dute estropada. Eta igandean, Getarian izango dute hitzordua. Horien ondoren, bi jardunaldi gehiago faltako dituzte, liga bukatzeko: Legution eta Pasai San Juanen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!