‘Komunitatearen zaintza: indarkeriei aurre hartzen’ foroa ikusgai, bideoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 14a, 00:00

Ikus-entzunezko formatua eman diote foroari, eta asteazkenetik aurrera egongo da ikusgai YouTubeko Tratu Onen kanalean.

Joan den urteko azaroaren 30ean, Tratu Onen Foroa izan zen Kulturarteko Plaza Feministan. Komunitatearen zaintza: Indarkeriei aurre hartzen izenburupean garatu zen. Bertan, herriko hiru eragilek hartu zuten parte: Santa Barbara Elkarteak, Koordinadora Feministak eta C.D. Hernanik.

 Aipatutako programa Udalaren kanpaina da, Berdintasun Sailetik bideratzen dena, Hernani Tratu Onen Herri proiektuaren barruan.

 

Bi ikus-entzunezko, Tratu Onen Kanalean

Ekimenean parte hartu zuten eragileen esperientziak abiapuntu hartuta garatu zen foroa eta, orain, sarera igoko dute guztia, bideo formatuan. «Lehengo bideoan, foroa bera izango da ikusgai, eta bigarrenean, berriz, Eli Pagola eta Maider Arregi bertsolariek egindako bertsondorioak topatuko ditugu», aurreratu dute.

Sortutako bi ikus-entzunezkoak Tratu Onen Kanala izeneko YouTubeko kanalean egongo dira ikusgai asteazkenetik aurrera. Zehazki, eguerdiko 12:00etan argitaratuko dituztela jakinarazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!