Azucena Vieites hernaniarrak egin du 83. Musika Hamabostaldiko kartela

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 14a, 00:00

Azaldu duenez, edizio honetako irudiak islatzen du uda, musika eta jaialdia gertatzen den unea.  

Azucena Vieites artista hernaniarrak egin du Donostiako 83. Musika Hamabostaldiko kartela. Aurten, topaketa abuztuaren 2tik 27ra arte izango da eta, kartel honekin, Vieitesek bat egin du Hamabostaldiko irudi ofiziala sortu duten artistekin. Horien artean, Eduardo Chillida, Vicente Ameztoy, José Luis Zumeta, Cristina Iglesias.

Vieitesek kartelerako aukeratu duen irudia bideo batetik hartutako da; kolore urdina da nagusi, eta itsasoa edo ura iradokitzen ditu. Gainera, distirek uda dakarte gogora. Ekitaldiaren testuingurua hori den aldetik, jaialdiarekin egin du lotura: «atsegin dut irudia ekitaldia gertatuko den unearekin lotzea; abuztua, uda, da eta gainazal batean proiektatzen den argi biziak uda hori jasotzen du», azaldu du hernaniarrak. 

Kartela egitea proposatu ziotenean, «poza» sentitu zuela kontatu du. «Ilusio haundiz jaso nuen, baina baita erantzukizunez ere. Hamabostaldia ezagutzen nuen, baina gipuzkoarra den beste edonork bezalaxe. Dena den, ekimen bikaina da. Gainera, ederra da horrelako jaialdien kartelak euskal artistei eskatzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!