Trafiko istripuak saihesteko bide-hezkuntza programa ezagutuko dute bihar, herriko gazteek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 14a, 00:00

‘Don’t be dummy. Zuk ez duzu ordezkorik' izenburupean, saio bikoitza izango da Biterin: lehena, 10:30etan eta bigarrena, 12:00etan. 

Don't be dummy. Zuk ez duzu ordezkorik bide-hezkuntza programa aurkeztuko dute bihar, bi saiotan, Biterin. 10:30etan izango da lehena eta 12:00etan, berriz, bigarrena. Ikasleei zuzendutako egitasmoa da, eta herriko ikastetxeetako gazteak bertaratuko dira aurkezpenera. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ekitaldi ibiltariek trafiko-istripuak saihesteko helburua dute, eta 15 eta 19 urte bitarteko gazteentzat daude zuzenduta. 

Dummy pertsonaia da programaren ardatza. Ibilgailu-fabrikatzaileek Dummy Crash izeneko panpinak erabiltzen dituzte inpaktuak simulatzeko eta modelo berrien segurtasuna egiaztatzeko. «Gizakien antzekoa izanik, sarritan ordezkatu ohi gaitu», aipatu dute. Dummy, hainbat egoera eta emozio esperimentatu ondoren, honako ondorio honetara iritsiko da: «Zuk ez duzu ordezkorik». Horregatik, diote, «prebentzioa da amaiera dramatikoak eragozten dituen ezinbesteko faktorea».

 

Gertuko testigantzak

Hiru lagunen testigantza entzuteko aukera izango dute: Aitor Portillo udaltzainarena, suhiltzaile batena eta Alaitz Arbilla bizkarrezur-muineko lesioa duen herritarrarena. Gainera, lekuko gehiagoren bideoak ere ikusiko dituzte. Besteak beste, larrialdi-zerbitzuetako mediku batena edota trafiko-istripuek utzitako biktimena. «Lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bidez lortzen da gazteen barrena mugitzea; bizipen horiek oso hunkigarriak izaten dira eta inpaktu haundia sortzen dute», aipatu dute. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, orain arte, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 56 udalerritan 142 saio egin dira, eta, horietan, 161 ikastetxek hartu dute parte. Denera, 30.000 ikusletik gora izan ditu programak, eta «87 lekuko ausartu dira beraien esperientzia pertsonala kontatzera», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!