Laburbira, Euskerazko film laburren XIX. zirkuitua, aurkeztuko dute bihar, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 14a, 00:00

Laburbira 2019an, Biterin.

Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, arratsaldeko 19:00etan emango diote hasiera saioari. 9 film labur proiektatuko dituzte. 

Bueltan da Laburbira, Euskerazko film laburren zirkuitua. XIX. edizioa da aurtengoa eta, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, Hernanin, bihar izango da aurkezpena. Arratsaldeko 19:00etan jarri dute proiekziorako hitzordua, Biterin. Korrika Kulturalaren barruko ekimen gisa aurkeztu dute Doberakoek, eta filmen proiekzioaz gain, Falta zaizuna ikus-entzunezkoaren zuzendari hernaniarra ere bertan izango dela ziurtatu dute. Hain zuzen, Jose Luis Lopezekin lanaren gainean aritzeko aukera izango da biharkoan. 

 

80 minutuko bilduma

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du zirkuitua, eta aurtengo edizioa bederatzi film laburrek osatzen dute. «Askotariko lanak dira, eduki zein estiloz, eta guztiak ere 2021ean ekoitziak», aipatu dute antolatzaileek. Denak uzturtuta, 80 minutuko bilduma entretenigarri zein interesgarria osatu dute. «Gaur egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da», adierazi dute. Honako hauexek dira zirkuituko film protagonistak: Serendipia (Iban del Campo), Itsasontziaren mugimendua (Alba Romera eta Rony Levoz), Lanbroa (Paula Iglesias), Falta zaizuna (Jose Luis Lopez), Hurrengo geltokia (Naia Aizpurua Garro), Rewind (Amaia San Sebastian), Turnoka (Aitor Alberdi), Subandilla (Josu Martinez) eta Itsaso (Sergio Martinez Villar).

Laburbirak otsailaren 25ean ekin zion bideari, eta martxoaren 27ra arte herriz herri ibiliko da euskerazko zinemagintzak 2021ean eman duen uzta zabalduz. «Zinezaleak garenontzat galdu ezinezko hitzordua da!», nabarmendu dute. Biharko saioa, gainera, berezia izango da. Izan ere, ikuslegoak aukera izango da pelikuletako baten zuzendaria ezagutzeko. Sinopsian aurreratu dutenez, gainera, Jose Luis Lopezen lanak berehala piztuko du ikuslegoaren arreta: «Badoa gaixoa medikuarengana. Medikuak emango dion diagnosiak zur eta lur utziko du ikuslea». 

Biharko saiora bertaratu ezin dutenentzat, Laburbirak Donostian du hurrengo geldialdia. Etzi, hain zuzen, Herrerako Kultur etxean. Proiektuaren gaineko informazioa eskuragarri dago Laburbiraren webgunean: www.topagunea.eus/laburbira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!