Berria Txapelketa hasiko da datorren igandean, eta ekainaren 26an bukatuko da

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 13a, 00:00

Berria txapelketaren aurkezpena atzo, Petritegin.

Emakumezkoena II. edizioa izango da eta gizonezkoena, berriz, XVII.a. Atzo goizean izan zen aurkezpena, Petritegi sagardotegian. 

Atzo goizean aurkeztu zuten, Petritegi sagardotegian, Hernani eta Gazteleku klubek antolatutako Berria Txapelketa. Gizonezkoena, XVII. edizioa izango da aurtengoa eta emakumezkoena, berriz, II.a. Bertan izan ziren pelota klubeko ordezkariak eta pelotariak, eta baita txapelketako antolatzaileak eta babesleak ere: Berria komunikabidea, Adarra Lan tresnak eta Petritegi bera.

Hasteko, txapelketen nondik norakoak eman zituzten eta, ondoren, zozketarako ordua heldu zen. Datu orokorrei begira, txapelketa datorren igandean hasiko da eta final haundiak ekainaren 26an jokatuko dira, Hernanin, San Joanetan. Partidu guztiak igandetan izango dira, Hernanin. Salbuespen izango dira, gizonezkoen txapelketan, Gazteleku kublekoek jokatu beharreko norgehiagokak, horiek Andoainen izango baitira. Horrez gain, Errioxako zein Bartzelonako taldeek ere larunbatean jokatzeko aukera izango dute. 

Gizonezkoen txapelketarekin jarraituz, aurten, denera, 27 klubek parte hartuko dute: Gipuzkoako 9, Arabako 3, Bizkaiko 6, Nafarroako 5, Errioxako 3 eta Bartzelonako 1. Hiru kategoriatan arituko dira; zehazki, kadeteetan, jubeniletan eta nagusietan. Binaka arituko dira, eta kanporaketa sistema erabiliko da; alegia, bi partidu irabazten dituen elkartea sailkatuko da hurrengo fasera. Aipatu zutenez, prebian eta lehenengo kanporaketan, probintzi bereko klubak ez dira elkarren aurka arituko. Horrekin batera, argi utzi zuten infantilek «debekatuta» dutela partiduak jokatzea. Gainera, «kanporaketa guztietan, klubak aurkezten dituen pelotari guztiek elkarteko lizentzia izan behar dute, eta ez da fitxaketarik onartuko». Kadeteek ez dute nagusien mailan jokatzeko aukerarik, baina, bestelakoan, kanporaketa bakoitzean, pelotariak mailaz alda daitekezkeela jakinarazi zuten atzoko aurkezpenean. 
 
Emakumezkoetan, finalerdiak eta finala 
Emakumezkoen txapelketari dagokionez, laburragoa izango dela jakinarazi zuten. Izan ere, azaldu zutenez, «soilik finalerdiak eta finala jokatuko dira». Lehenengo kanporaketa apirilaren 29an izango da, Santa Krutzetan. Bertan Oinatz Bengoetxea izango dela aurreratu zuten. Bigarren finalerdia, aldiz, maiatzaren 29an jokatuko da. Finala, aipatu moduan, San Joanetan jokatuko dute. Hala ere, hauxe nabarmendu zuten: «orain dela 17 edizio, pentsa ezina zen emakumezkoen txapelketa izatea, baina hementxe gaude, bigarren edizioa hasteko prest. Gure asmoa da bide honetan jarraitzea eta datozen edizioetan kanporaketa guztiak jokatzea». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!