Proposamena EAJk, aparkaleku arazoak «desagertzeko»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 12a, 00:00

Urumea ikastolaren eraikin zaharra eraistea proposatu du alderdi jeltzaleak, «espazio hori plaza estali eta aparkaleku gisa erabiltzeko». 

EAJren esanetan «Milagrosa parean dagoen Urumea ikastolak, 20 urte baino gehiago daramatza antolamendutik kanpo», eta azaldu du, eraikina eraisteko ordua heldu dela: «zonaldean aparkaleku bat egitea lehenengo mailako beharra da. Urteak daramazkigu eraikina eraitsi eta aparkaleku bat eraikitzeko eskatzen; ordu eta erdi doan izango den aparkalekua, zentroan egin beharreko kudeaketak egiteko eta hernaniarrek otordu bat egin edo zerbait hartzeko denbora izan dezaten». Eta jarraian ordutegia gehitu du alderdi jeltzaleak: «asteburuetan goizeko 03:00etan itxi eta 07:00etan berriz ere irekiko den aparkalekua izatea proposatzen dugu, Hernanin lasai afaldu eta kafea lasai hartu ahal izateko». 

«Ez dugu ulertzen zergatik ez den obra hau egiten» dio Andoni Amonarraizek. Izan ere, EAJren arabera EH Bilduk onartutako Arau Subsidiarioetan jasota dago, eta arrazoi bat jarri du mahai gainean: «trafiko-aldaketen helburua zen Hernani erdigunetik ibiltzea zailtzea; eta behin barruan egonda, irteera ezin aurkitu ibiltzea; orain bi aldiz pentsatzen dute Hernanira itzuliak edo ez. Herriaren kanpoaldean bizi diren hernaniarrei (Galarreta, Ereñotzu, Antziola, baserriak, etab.) erdigunera hurbiltzea erraztuko dien pausurik ez du eman Udalak». 

Oro har, EAJk dio, aparkaleku berriak gaur egun aparkatzeko lekurik aurkitzen ez denean sortzen den kutsadura ere saihestuko lukeela: «espazio hori garatzen denean, gaur egun ezagutzen ditugun aparkatzeko arazoak desagertu egingo dira». 

Horrez gain, alderdi jeltzaleak aparkalekuarekin batera proposatzen duen beste elementua plaza estali bat ezartzea da, eta nabarmendu du Lizeaga, Txantxilla, Oarso eta inguruko ikastolen artean nerabe asko biltzen dela: «haur txikiak dituzten familiez gain, adineko pertsona asko ere bizi dira inguruan». Horrexegatik, EAJk honako proposamena luzatu du: «espazio estali bat sortu, parke batekin, eserlekuekin… harrera ona izango luke euria edo eguzkia egiten duen egun horietarako». 

Amaitzeko, Amonarraizek gogoratu du EAJk Hernaniren eta hernaniarren alde lanean jarraituko duela: «EH Bilduri Urumea ikastolako eraikina botatzeko eskatzen jarraituko dugu, eta baita plaza bat txandakako aparkalekuekin ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!