Ostegun arratsaldean, Euskararen normalizazioa Hernanin: Nola egin aurrera? izenburupean gogoeta prozesuaren aurkezpena eskaini zuen Hernaniko Udalak, Aztiker Soziologia Ikergunearekin batera.
2021e ko ikerketaren emaitzak argitara atera zituzten Biterin, herritarren goxotasunean, eta argi adierazi zituzten zeintzuk izan ziren lan honen helburuak: «Hernanin, euskararen normalizazio prozesuan gaur egun arte egin denaren ebaluazioa egitea: egungo errealitate soziolinguistikoaren argazkia osatzea, euskararen azken hamarkadetako bilakaera ikustea eta gaur egungo egoeraren diagnosia egitea. Eta horrez gain, aurrera begira, hurrengo urteetan izango dituen erronka nagusiak identifikatzea (aukerak, erronkak eta mehatxuak), horiei heltzeko lan-ildo nagusiak proposatzea eta identifikatzen diren lan-ildo horien kontrastea egitea herrian esanguratsutzat baloratzen diren taldeekin».
Herritarrekin egindako ikerketan, Udalak eta Aztikerrek, gai-bloke nagusi batzuk planteatu zituzten: euskera biziberritzearen inguruko diskurtsoa; euskeraren aldeko mugimendu soziala; euskal kulturgintza; euskera gaitasuna: ezagutza eta erabilera; bilakaera demografikoa, urbanistikoa eta hizkuntza; arlo sozioekonomikoa; migrazioa; hezkuntza arautua eta helduen euskalduntze-alfabetatzea; eta, azkenik, udalaren jarduera.
«Nola egin aurrera?»
Landutako gai-bloke nagusiak azalduta, Udalak eta Aztikerrek, jasotako gogoeten eta ekarpenen berri eman zuten, azpimarratuz gaur egun nola ikusten den egoera eta aurrera begira zein aukera sumatzen diren. Ondorio batzuk atera zituzten osteguneko aurkezpenean argitara, baina behin eta berriz errepikatu zuten, elkarlana zela aurrera egiteko gakoa: «Elkarlanean edo beste agente batzuekin batera euskararen biziberritzean pausoak ematen jarraitzeko, aukera interesgarria izan daiteke Udalarekin harremana izango duen aholku batzorde bat sortzea, funtzionamendu argi eta zehatz batekin». k
Txosten osoa hemen: https://kronika.tok-md.com/pdfak/Hernani_Euskararen_normalizazioa_Hernanin_nola_egin_aurrera_2021.pdf