Euskal Ligako taldeek etxetik kanpo jokatuko dituzte partiduak, gaurkoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 12a, 00:00

Prest daude Hernaniko neskak, Lekeition bere onena emateko, Euskal Ligako partiduan.

Neska nagusiek gaur Lekeitio izango dute aurkari, Bizkaian. Mutilek, berriz, Jatorkide taldearen aurka jokatuko dute, Gasteizen.

Hernaniko boleibol talde guztiek gaur izango dituzte partiduak, eta Euskal Ligako taldeek etxetik kanpo jokatuko dute, neskek zein mutilek. Bi taldeentzat, denboraldi ofizialeko hamabosgarren partidua izango da gaurkoak, hain zuzen ere. 

Hernaniko neskek, Bizkaiara bidaiatu beharko dute, Lekeitioren aurka neurtzeko indarrak. Gaur arratsaldeko 17:30etan hasiko da norgehiagoka, eta hernaniarrek bere onena eman nahi dute. Garaipenaren bila aterako dira Hernaniko neskak, nahiz eta Lekeitio sailkapenean aurretik joan. Talde bizkaitarra bosgarren postuan dago 21 punturekin, eta Hernani bi postu atzerago dago, zazpigarren, 14 punturekin.

Euskal Ligako mutilek, Gasteizen jokatuko dute gaurkoan, Jatorkideren kontra, arratsaldeko 19:00etan hasita. Hernaniarrek partidu garrantzitsua izango dute gaurkoa; izan ere, hirugarren postuan dago talde gasteiztarra, 29 punturekin, eta Hernani atzetik, bosgarren postuan, 18rekin. Garaipenaren bila aterako dira hernaniarrak, elkarren arteko tartea murrizteko asmoz.

Boleiboleko gainontzeko talde guztiek ere, gaur jokatuko dituzte partiduak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!