Grabni torneoa hasiko da trinketean, Hernaniko hiru ordezkarirekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 12a, 00:00

Jon Jara eta Unax Manterola jubenilek eta Mikel Lasak 22 urtez azpikoan Gipuzkoa ordezkatuko dute, gaur Gasteizen, Arabaren aurka.

Jardunaldi honetan partidu garrantzitsuenak trinketean jokatuko dira. Gaur hasiko da Grabni txapelketa ofiziala, eta Gipuzkoako federazioak Hernaniko hiru pelotari aukeratu ditu, Gipuzkoako selekzioaren ordezkari gisa jokatu dezaten.

Gaur, 16:00etatik aurrera, Gasteizeko Astronomos trinketean, sailkapen faseko lehenengo norgehiagoka jokatuko dute Arabaren aurka. Eskuz banakako lehen partiduan, Jon Jara jubenilak Arabako ordezkariaren aurka jokatuko du.

Eskuz binakako bigarren partiduan, Unax Manterola jubenilak eta Aranburuk (Behar Zana) Arabako bikote baten aurka jokatuko dute. Eta azkenik, hirugarren partiduan, Mikel Lasa 22 urtez azpikoak Arabako beste ordezkari baten aurka jokatuko du.

Nagusien edo seniorren mailan Oier Gurutzealde astigartarra ere deitua zegoen Gipuzkoarekin jokatzera, baina ezin izango du lehenengo jardunaldian jokatu. Hala ere, datozen deialdietarako deitzea espero du eta prest egongo da Gipuzkoa ordezkatzeko Grabni Torneoan. Gipuzkoak, Bizkaiak, Arabak, Nafarroak, Errioxak eta Iparraldeak hartzen dute parte.


Cisneros-Labakak mailari eutsi nahi diote

Bestetik, gaur 12:15etan Irurako trinketean, partidu garrantzitsu bat ere jokatuko da, Ekaitz Cisneros eta Iñigo Labaka seniorrek Lizaso eta Aburuzaren (Behar Zana) aurka jokatuko dute. Bi bikoteek maila ez jaisteko borrokatuko dute, eta galtzaileak bigarren mailan jokatuko du datorren urtean.

 

Txapelketa pribatuak Euskal Herrian zehar

Txapelketa ofizialez gain, bailarako pelotariek partiduak izango dituzte Euskal Herrian zehar. Adibidez, Arantzan, Elizondon, Beran eta Zornotzan daude iragarrita zazpi partidu, Hernaniko pelotariekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!