Hernanik Ourenseren kontra jokatuko du, gaur arratsaldean Monterrei zelaian, atzeratutako partidua

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 12a, 00:00

Baloia bere eskuetan ahalik eta denbora gehien izaten saiatuko da Hernani, Ourenseren kontra.

16:00etan hasiko da, eta hernaniarrek partidurik galdu gabe jarraitu nahi dute, bigarren fase honetan, hirugarren sailkatuaren aurka. Mikel Perez hernaniarrak Ordizian jokatuko du.

Gaur jokatuko du Hernanik, 16:00etatik aurrera Ourenseren aurka, otsaileko bigarren asteburuan COVID19aren eraginez atzeratutako partidua. Galiziarrak hirugarren sailkatuak dira bigarren fase honetan eta aurkari gogorra izango da Hernanirentzat. Hernaniarrek fase honetako aurkari guztiak gainditu dituzte, eta ildo beretik nahi dute jarraitu. Hala ere, partidu arriskutsurik baldin badago trikoloreentzat hauxe da. Azaroan Landaren neurtu zituzten indarrak bi taldeek, eta etxekoek 29-14 irabazi zuten, lehendabiziko zatian zailtasunak izanda. 

Hernaniarrek alde daukate galiziarren bolada txarra. Azkeneko partidua galdu egin zuten, eta nahiz eta etxeko azken partidua Uribealdeari irabazi, Gaztediren aurka galdu zuten etxean, otsailaren 20an. Ez daude denboraldiko momenturik onenean. Hori bai, Hernanik azken astean baja garrantzitsu bat izan du: Mikel Perezek Ordizian jokatuko du datozen hilabeteetan, eta funtsezko jokalari bat galdu du Polidorik. Gazteen txanda izango da, aurrerapauso bat emateko.

 

Euskal Ligako neskak gaur, 15:30etan Landaren, Arrasate-Ordiziaren aurka

Euskal Ligan, neskek ere jokatuko dute partidua, asteburu honetan. Gaur, 15:30etan Landaren, Arrasate-Ordizia taldea izango du aurrez aurre, Hernanik. Aurreko asteburuko garaipenak indarberritu egin du taldea, eta gaur bost puntuak lortzeko asmoz zelairatuko da. 

Hernani hirugarrena da sailkapenean eta aurkariak ez du partidurik irabazi denboraldi osoan. Irabaziz gero, bigarren jarri daiteke Hernani,  Gaztedi liderrak La Unicaren aurka jokatuko baitu Iruñean, eta nafarrak bigarren dira sailkapenean, bi punturen aldearekin. Gaztedik 28 puntu ditu, La Unicak 27, eta Hernanik 25.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!