Goizetik hasi eta arratsaldera arte ekintza mordoa antolatu dira gaurko, Astigarragan, Korrikaren alde

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 12a, 00:00

Martxoko lehen asteburuan ospatu zuten Korrika Eguna, Hernanin.

Eguerdiko 14:00etan bilduko dira astigartarrak, kantu eta bertso bazkari baten bueltan, frontoian. Bertan izango dira Beñat Gaztelumendi eta Nerea Elustondo. 

19 egun bakarrik falta dira 22. Korrikari hasiera emateko. Amurrion hasiko da aurtengo Korrika, eta guztira 2.180 kilometro egingo ditu Euskal Herri osotik, ibilbidea Donostian amaituz. Martxoaren 31n emango zaio hasiera Korrikari, eta Urumea bailaran dagoeneko hasi dira motorrak berotzen.

Atzo, Astigarragako gazte Korrika ospatu zuten Gazte Asanbladak antolatuta. Arratsaldeko 20:00etan jarri zuten hitzordua Zipotzan, bertatik abiatu, eta herrian barrena korrika egiteko. Herriko gazteak ziren atzokoan protagonistak, izan ere, kintoka taldekatu ziren eta elkarri pasa zioten lekukoa, ibilbidean zehar. Giro ezin hobean egin zuten lasterka, euskeraren alde. 

Atzokoaz gain, gaurko ere, sekulako egitaraua prestatu du Astigarragako AEK-k, goizetik arratsaldera arte. Bi gune bereizi dituzte, lehena Foru plaza izango da, eta bigarrena, Joseba Barandiaran plaza. Lehenengo gunean antolatu dira ekintza gehienak, eta goizeko 10:00etan emango zaie hasiera, gaztetxoen arteko pelota partiduekin. Norgehiagokak amaitu ostean, Hemendikara Zirka Zirkusen antzerkiaz eta zirku ikuskizunaz gozatuko dute astigartarrek, 11:00ak aldera. Eguerdiko 12:00ak aldera, Korrikaren koreografia ikusteko saioa eskainiko da, hau ere Foru plazan, eta 12:30etan, berriz, plaza-dantzarako hitzordua jarri dute, Joseba Barandiaran plazan. Eguerdiko 14:00etan, bazkari baten bueltan bilduko dira astigartarrak frontoian, kantua eta bertsoa aitzakia hartuta, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Elustondorekin. 

Korrika egunari amaiera emateko, Kita del pare txarangak Astigarragako kaleak hartuko ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!