Hernani Burujabe proiektua, Erakunde Publiko gisa saritu du V. Landaola Sariak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 11a, 00:00
Azpeitian banatu zituzten V. Ladaola Sariak

Gipuzkoako landa garapen proiektuei aitortza egiteko asmoz urtero zenbait proiektu saritzen ditu Landaola Sariak. 

Azpeitian banatu dituzte aurtengo Landaola sariak, eta lau atal ditu: Erakunde Publikoaren saria, Erakunde Pribatuaren saria, Emakumea Landa Eremuan saria eta Ibilbidearen saria. Eta sarituetako bat izan da Hernaniko Udala, erakunde publikoaren saria jasoz. Horrekin batera, Baserritik zuretzat kooperazio proiektua, Nagore Martin ekintzailea eta Gomiztegiko Artzain Eskola ere saritu dituzte. 

Hernaniko Udalaren izenean, Oier Agirresarobe eskertuta agertu zen: «Saria jasotzeak ilusioa egiten digu, batik bat, proiektuak dituen inplikazio guztiengatik. Azken urte hauetan lan haundia egin da udaleko Tokiko Garapen sailean, lehen sektorearekin eta herrigintzarekin harremana izateko. Hernani Burujabe da horren emaitza, eta hastapen prozesuan badago ere, aurrekariek ekarri dute honaino. Ibilbide luzea izan dezakeen egitasmoa da, eta emaitza borobilak emango dituena».

 

Kontuan hartutako alderdiak 

Landaola Federazioa osatzen duten sei landa garapen elkarteetako ordezkariek, Landaola Sarien V.edizioko oinarriak, irizpideak eta saritutako proiektuak adostu zituzten, eta honakoak ziren: proiektuak eredugarri izateko dituen baldintzak, proiektuak eragiten dion landa eremuko biztanlego eta sortutako lanpostu kopurua, duen zabaltzeko aukera eta izan duen oihartzuna, edota eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza. 

Hernaniko Udalak, honela definituta aurkeztu zuen Hernani Burujabe: «Kanpoko multinazionalekiko menpekotasuna murriztu eta tokiko ekoizpenaren alde egitea du xede ekimen honek. Elikadura burujabetzan aurrera egiteko tokiko elikadura sistema propio bat eraikitzea bilatu nahi da, eta, horretarako, sektorearen fase guztietan esku hartu gobernantza eredu publiko-ekonomiko-herritarraren bidez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!