'Gure hots' dokumentalaren proiekzioa izango da gaur arratsaldean, Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 10a, 00:00

18:00etan hasita, Arrate Fernandez Itsasoren ikus-entzunezkoa proiektatuko dute. Bihar eta etzi ere solasaldia eta antzerkia izango dira. 

Martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitarauaren barruan, hainbat ekintza izango dira aste honetan, Kulturarteko Plaza Feministan. Gaur, hain zuzen, Gure hots dokumentalaren proiekzioa izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita. 

Arrate Fernandez Itsaso andoaindarraren ikus-entzunezkoa da, eta bildu ditu jendarteko hainbat esparrutan ibilbide luzea egina daukaten eta gogoeta mamitsuak kontatzeko dauzkaten emakumeren testigantzak. Honako hauexek dira dokumentalaren protagonistak: Irantzu Varela (kazetaria), Caroline Philips eta Maddi Zubeldia (abeslariak), Josebe Iturriotz (aktibistafeminista), Alicia Aleman (soziologoa), Nekane Jurado (ekonomilaria), Maite Aristegi (abokatua), Ane Ablanedo eta Arantza Urkaregi (unibertsitate irakasleak), Maite Iturralde (medikua), Itxaro Borda (idazlea), Alaia Martin (bertsolaria) Esti Besa (enologoa) eta Isabel Elizalde (Landa garapenerako teknikaria). Aurreratu dutenez, berdintasunaren alorrean azken 40 urtetan egindako bidearen kronika egiteaz gain, etorkizunerako argi izpiak proiektatzen dituzte.

 

Solasaldia eta antzerkia 

Datozen egunetarako ere antolatu dituzte beste hainbat ekintza. Bihar, Irene Arrarats itzultzaile eta zuzentzaile hernaniarrarekin izango da solasaldia, 18:00etan, Simone de Beauvoir filosofo feministaren Bigarren sexua berak itzulitako liburuaren gainean. 

Astearekin amaitzeko, larunbatean, arratsaldeko 19:30etan hasita, Geuretik sortuak egitasmoaren barruko emanaldia izango da. Lore More antzerki taldeak Trapu zikinak antzezlana aurkeztuko du, 19:30etan. Leokan zen egitekoa, baina eguraldi txarra dela eta, Kulturarteko Plaza Feministan egingo dute. Sarrera irekia da ekitaldi guztietan, aforoa bete arte, eta ez da gonbidapenik behar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!