Tokiko merkataritza sustatzeko 140.000 euroko dirulaguntza jasoko du Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 10a, 00:00

Urbieta kalearen oinezkotzerako bideratuko da dirulaguntzaren zati bat.

Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik jasoko du, EAEko bost udalerrirekin batera: Zumarraga, Gasteiz, Ermua eta Etxebarri.

Hernaniko Udalak tokiko merkataritza sustatzeko 140.000 euroko dirulaguntza jaso du Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik. Espainiako Gobernuak bideratzen ditu funts horiek Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bitartez. Euskal Autonomia Erkidegoan, bost udalerrik soilik jaso dute funtsa horietako dirulaguntza; Hernanirekin batera, hain zuzen, Zumarragak, Gasteizek, Ermuak eta Etxebarrik.

 

Laguntza, 5 proiektutarako

Hernanin, Europako funtsen dirulaguntza bost proiektutara bideratuko da, «tokiko merkataritza sustatzeko onuragarritzat jo direlako». Honako hauexek dira proiektuak: denden erakusleiho digitala (www.hernanin.eus), Ekhilur fidelizazio sistema, Urbieta kalea oinezko bihurtzeko eskuhartzea, bizikleta bidezko etxerako banaketa sistema eta merkatarientzako eta ostalarientzako formakuntza.

Batetik, erakusleiho digitalaren kasuan, helburua da herriko merkatarien eskaintzak eta produktuak ikusgai jartzeko eta etxean saltzeko eta jasotzeko gune digitala sortzea. Plataforma honen xedea ez da tokiko dendetako erosketak ordezkatzea, «eskaintza fisikoa digitalarekin osatzea baizik». Bestetik, ekhi moneta soziala da tokiko ekonomia indartzen duen fidelizazio-sistema bat. Ekhilur kooperatibak garatutako ordainketa digitaleko sistema da, irabazi asmorik gabeko kontsumo kooperatiba, eta kontsumitzaileek, tokiko negozioek, enpresek, elkarteek eta erakunde publikoek osatzen dute. 

Urbieta kaleko berrurbanizazioari dagokionez, aldaketak ekarriko du Izpizua kaletik Elkano kaleraino oinezkoentzako gune bat eraikitzea hirigunean, ibilgailu motordunen trafikoa murriztea eta oinezkoentzako pasabideak lehenestea. Bestalde, salgaien hiri-banaketa jasangarriari erreparatuta, proiektu pilotua da udalerrian merkantziak bizikleta elektriko baten bidez modu jasangarrian banatzeko.

Eta, azkenik, ostalarientzako formakuntzarekin, saltokien jabe eta langileei tresnak eta ezagutzak eman nahi zaizkie, «lehiakorragoak izan daitezen»; horretarako, ibilbide oso bat diseinatu da, merkatariek gaitasun digitalak eskura ditzaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!