Ukrainako gatazka dela eta, Udalak adierazpen instituzionala egin du

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 10a, 00:00

Bozeramaileen batzordean,  herenegun onartu zuten Udal talde guztiek 8 puntuz osatutako erakunde adierazpen instituzionala. 

Azken asteotan puri-purian dago Ukrainako gatazka, eta Udal talde guztiek herenegun onartu zuten, bozeramaileen batzordean, zortzi puntuz osatutako adierazpen instituzionala. 

Hauexek izan dira adierazpena egitearen arrazoiak: «Errusiako Gobernuak Ukraina erasotzeko eta inbaditzeko hartu duen erabakiak dozenaka heriotza, ehunka zauritu eta bonbetatik ihesi doazen pertsona asko eragin ditu. Egindako erasoa justifikaziorik gabekoa da, inoiz ez bezalako larritasuna du eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena da, segurtasun globala eta Europako egonkortasuna arriskuan jartzen dituena».

Horregatik guztiagatik, hauxe adostu du kaleratutako erakunde adierazpenean: «Hernaniko Udalak Errusiaren eraso militarra salatzen du, eta berehala bertan behera uzteko eta indar militarrak Ukrainako lurraldetik erretiratzeko eskatzen du;  liskarrak berehala eteteko eskatzen du, biktimen kopurua areagotu baino lehen, bai eta tropak Errusiako Federazioaren nazioarteko lurralde aitortura itzultzeko ere; dei egiten die eragile guztiei gerra-arriskutik urrunduko gaituzten konponbideak bila ditzaten; berresten du ezberdintasunak Nazio Batuen Gutunaren esparruan konpondu behar direla, bide baketsu eta diplomatikoen bidez; Europako erakundeei eskatzen die arreta eman diezaiela Europako beste herrialde batzuetan babes bila ari diren Ukrainatik ihesian doazen pertsonei; babes eta elkartasun osoa adierazten die Ukrainako herriari eta Errusian erasoaren aurka agertu diren eta poliziaren eta militarren errepresioa jasaten ari diren pertsonei eta, horrekin batera, baita Hernanin bizi diren ukraniar eta errusiarrei ere;  gaitzesten du Ukrainan gertatzen ari dena, munduko beste leku batzuetan gertatzen ari dena ahaztu gabe, hala nola, Yemenen, Palestinan eta Kurdistanen; eta, azkenik udalaz gaindiko erakundeekin koordinatzeko konpromisoa hartzen du, herritarrak informatu eta, hala, eman beharreko arreta eta laguntza eraginkorragoak izan daitezen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!