127. Eguna: Arusha – Oldonyosembu (50km, +1403m)
Arushako geldialdi luzearen ondoren gorputzak astindu bat eskatzen digu. Izerdia kopetan behera sentitzea, eta gaurko saioarekin asetu dugu nahia. Ondo asetu gainera. Orain arteko portu luzeena, gogorrena eta garaiena gainditu dugu. 2600m-tik gora jarri gara, bada zerbait!
Izan ditugun paraje zoragarriek eramangarriagoa egin dute aldapatzarra. Baita aldapa gogorrenean korrika jarraika izan ditugun haurrek ere. Motibazio faltarik ez dugu izan!
128. Eguna: Oldonyosembu – Namanga (73km, +216m)
Etapa berezia izan da gaurkoa. Bi hilabete pasatxoren ondoren, Tanzania agurtzeko garaia iritsi da. Denetik izan dugu: animalia ugari, mendi irteerak, gabon ahaztezinak… lapurreta bat kudeatzen ere ibili gara! Hala ere, hemendik eramango dugun altxor preziatuena ezagutu ditugun lagunak dira. Pertsona interesgarri asko, eta garrantzitsuena, jende ona.
Abenturak aurrera jarraitzen du. Guk lehen eguneko ilusio berarekin gurutzatu dugu muga. Kenya bizitzeko eta ikasten jarraitzeko motibazio handia dugu. Ea herrialde honek zer uzten digun!
129. Eguna: Namanga – Kajiado (88km, +769m)
Hauteskunde garaia gerturatzen ari omen da Kenyan, eta esan digutenez, garai mugituak izaten dira. Txantxetan ez dabiltzala konturatu gara. Askotan egin dugun bezala, polizia etxera joan gara kanpin denda jartzeko txoko baten eskean. Orain arte ez digute arazorik jarri eta beti azaldu dira laguntzeko prest, gaur ez ordea. Hauteskunde garaiarekin batera eraso terroristak izateko aukera areagotzen da nonbait, eta ez dira gutaz fio. Bi bizikleta zakuto susmagarriz kargatuak… Segituan bidali gaituzte hostatu batera!
130. Eguna: Kajiado – Nairobi (79km, +550m)
Atzo iluntzean taberna giroan ezagutu genuen gizon batek ezusteko polita eman digu gaur goizean. Hostatuko atarian zain genuen bere bizikleta xelebrearekin, lehen kilometroetan bidelagun izateko aurkeztu zaigu. Ilusio handia egin digu.
Nahi baino lehenago eman behar izan du buelta lan kontuak tarteko, baina eguna pozten duen detaile horietako bat izan da.
131. Eguna: Nairobi (Kubuka)
Afrikako guetto handiena den Kibera auzoan murgildu gara Kubuka GKEak babesten dituen bi proiektu bisitatzen. Alde batetik, lehen hezkuntzako eskola bat. Bestetik, plastiko birziklapen planta bat.
Auzo honetan zein kondiziotan bizi diren ikustea gogorra izan da, eman digu zer pentsatu. Egun honek utzitakoa, xehetasun gehiagoz hurrengo artikuluan azalduko dugu.