Kilimanjarora igotzea uste baino garestiagoa zenez, honetarako gordeta genuen dirua safari bat egiteko erabiltzea erabaki dugu. Turismoan horren ohikoa den tranpan erori garela esan dezakegu: Nola alde egingo duzue ba Afrikatik lehoirik ikusi gabe?
Hiru eguneko irteera bat egingo dugu. Lehen bi egunetan Serengeti kontserbazio parkea bistatuko dugu eta hirugarrenean Ngorongororen barrena ibiliko gara.
118. eguna: Serengeti (Safaria)
Etorri aurretik ez zen inondik inora Afrikatik gehien erakartzen gintuen ekintzetako bat. Hala ere, goizeko seietan, alarmak jo duenean, zirrara handia sentitu dugu gure sabeletan. Abentura berri bat hastear da!
Esnatu eta zuzenean Afrikako leku turistikoetan orren ohikoak diren kotxe batean sartu gara, safariak egiteko prestatutako mendiko kotxe batean, alegia. Gu bioz gain beste sei pertsonekin batera egingo dugu safaria. Ingalaterrako bi gazte, Irlandako eta Frantziako neska bat eta Greziako gizon bat. Guztion ekipaia kotxean sartu eta Serengetirako bidea hartu dugu.
Parkera iristen ari garela zebra eta ñu izeneko animalia mordoa ikusi ditugu. Urrunera begiratu eta ez da besterik ikusten. Lehoi eta bestelako harrapariek goserik pasako ez dutela pentsatu dugu. Horrenbeste egoteak badu bere arrazoia. Animalia hauen migrazio garaia da eta urteko garai honetan Serengetira gerturatzen dira.
Bazkaltzeko geldialdia egin ostean, lehen lehoia ikusteko aukera izan dugu. Inoiz ahaztuko ez dugun momentua izan da. Sabana inguruan lau hilabete pasa ondoren bertako erregea ezagutu dugu azkenean!
Arratsaldean jirafak, hipopotamoak, pentsatzen genuena baino handiagoak diren elefanteak eta bufaloak ikusi ditugu. Urrunean, zuhaitz baten gainean, lehoinabar baten hanka eta isatsa ere ikusteko aukera izan dugu.
Lo egiteko tokira iritsi, kanpina jarri, afaldu, berriketan egin eta lotara joan gara. Egun nekagarria izan da.
119. eguna: Serengeti (Safaria)
Gaur ere goizeko seitan jo du alarmak. Hala ere, Serengetiko egunsentian pentsatzeak izan genezaken logura apurra ziztu batean agurtu du. Bertan doa honen froga!
Gogoz hasi dugu eguna. Egunsentiaren ostean, ikustea falta zaizkigun animalien zerrendaren errepasoa egin, kotxearen gaineko leioa ireki eta bista zorroztu dugu. Buruan ditugunak lehoinabarra (bere osotasunean) eta gepardoa dira.
Laster iritsi da bista zorroztua izatearen lehen emaitza. Jonek pitoi bat ikusi du belar artean. Ez dakit zortea edo zer izan den baina hamar aldiz toki beretik pasa ezkero, Pello ziur da, berak ez lukeela ikusiko.
Parkean barrena aurrera eta atzera aritu gara baina ezin izan ditugu zerrendatik animaliak ezabatu. Gepardoa eta lehoinabarra ondo ezkutatu direla ematen du. Naturaren aurka ez dago ezer egiterik eta bukatutzat eman dugu Serengetiko espedizioa.
Bazkalostean, parke naturalaren irteerara gindoazela, sarreratik kilometro gutxira, ikustea espero ez genuen gepardoa agertu da errepidearen ondoan. Zortea lagun, bat beharrean bi dira eta zebra kume bat dute ehizatuta. Modu ezin hobean agurtu dugu Serengeti.
Iluntzerako Ngorongorora iritsi gara. Parkearen sarreratik gertu kanpina jarri, lagunekin karta eta bestelako mahi jokoetan jolastu eta lotara joan gara. Gaubel gau interesgarri eta polita izan da.
120. eguna: Ngorongoro (Safaria)
Atzo ur asko edan genuen antza eta goizaldeko hiruretan maskuria lasaitzera irten gara. Kanpineko kremailera ireki eta zebra artean gaudela konturatu gara. Hau da sustoa… Dirudienez larre goxo batean jarri dugu kanpina!
Euritan esnatu da gaur eguna. Gaur bisitatu behar dugun parkea krater baten zuloa da izatez. Kraterraren inguruan mendi asko aurkitzen dira eraztun bat osatuz. Lur eremu zabal honen barruan egoten dira animaliak.
Ikustea falta zitzaizkigun, eta parke honetan aurkitzen diren, bi animaliak ikusi ditugu gaurkoan! Flamenkoak eta errinozeronteak.
Egin beharrekoak eginda kotxean sartu eta Arushara itzuli gara. Esperientzia ahaztezina izan da.
Gogoeta batzuk…
Bisita honek hainbat gogoeta egin eta bitxikeria ikasteko aukera izan dugu.
- Animaliak espero genuena baino lasaiago ikusi ditugu. National Geographiceko dokumentaletan ikusten diren korrika saioak ez dira horren ohikoak sabanko larreetan. Lehen egunean esaterako, lehoi bat lasai asko ikusi genuen zebra eta ñu talde batetik 15 metro ingurura. Lehoiak ehizarako bakarrik gerturatzen zirela uste genuen, baina badirudi ez dela hala.
- Harrapari gehienak etzanda eta alper samar ikusi ditugu. Gidariak esan digunez, ehizarako energia handia behar izaten dute eta honen ondoren egunak pasatzen dituzte etzanda, indarrak berreskuratzen. Adibide moduan, lehoiek nahikoa dute lau egunean behin jatearekin. Beraz, 3 egun pasatzen dituzte etzanda deskantsuan eta bat ehizean. Ez da balantze txarra!
- Safari hitza izen unibertsal bat bezala izenda daiteke, hau da, munduko hizkuntza guztietan erabiltzen den horietako bat da. Honen jatorria, Afrika ekialdean erabiltzen den swahili hizkuntzatik dator eta bere esanahia ibilaldi bat egitea da.
- Animaliak baino ia interesgarriagoak izan dira ikusi ditugun parajeak. Uste baino espazio handiagoa hartzen dute kontserbazio eremu hauek. Momentu askotan film edo dokumental batean sentitu dugu gure burua.
- Gure ustez plan bat entretenigarria izateko beharrezkoa den osagai bakarra ingurukoekin sortzen den giroa ona izatea da. Azken abentura honetan uste hau beste behin baieztatu dugu. Urte batzuen buruan, safari honetaz hitz egitean, ikusitakoez gain, afalorduan izandako berriketa eta jolasak gogoratuko ditugu inongo zalantzarik gabe!