Castroko Jaitsiera irabazita, bandera astindu du Maialen traineruak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 8a, 00:00

Hernaniko traineruak bandera irabazi zuen Castron, igandean.

87 ehunenekoren aldearekin nagusitu zitzaion Hernani Deustori, aurreneko bandera lortzeko.

Hernaniko Maialen traineruak denboraldiko lehenengo bandera irabazi zuen igandean, Castron. Aurredenboraldiko 24garren Castreña Bandera zegoen jokoan, eta hernaniarrek 87 ehunenekoren abantailarekin irabazi zuten, Deustoren aurretik. Lehia ezin estuagoa izan zen, eta hernaniarrek 13:59,99 denboran osatu zuten ibilbidea. Castreñak amaitu zuen hirugarren, Camargok laugarren eta Colindresek bosgarren.

Larunbatean ere izan zen traineru estropada, Hondarribian. 22garren traineru jaitsiera jokatu zen bertan. Hernanik aurkari gogorragoak izan zituen, eta hamargarren amaitu zuen, azkeneko postuan, Orio irabazlearengandik minutu eta 21 segundura. Kantabriar itsasoko trainerurik onenek hartu zuten parte. Hernanik aurten lortu du berriz ere trainerua uretaratzea eta estropaden erritmoa eta esperientzia hartu behar dute arraunlarietako askok. Helburu horrekin, bi estropada egin dituzte, bi egunetan. Eta bide horretan banderaren bat irabaztea eta onenekin lehiatzea ezin hobeto datorkie arraunlariei eta klubari. Asteburu honetan ez da batel estropadarik izan, baina harrobiko taldeek txapelketak prestatzen jarraitzen dute. Gainera, Gipuzkoako Batel Ligan oso emaitza onak ari dira lortzen, hernaniarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!