Euskal Ligako bi partidu zailetan porrota, bukaerara arte lehiatu arren

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 8a, 00:00

Liderraren kontra aritu arren, tanto bakoitza lehiatu zuten hernaniarrek.

Neskek 1-3 galdu zuten Galdakaoren kontra, eta mutilek ezin izan zuten Sestao liderraren aurrean.

Asteburu gogorra zeukaten Euskal Ligako bi talde hernaniarrek, eta ezin izan dute garaipenik lortu, bukaerara arte lehiatu arren. Neskek Galdakao hartu zuten igande goizean; eta espero bezala, luze jo zuen partiduak. Oso parekatua izan zen lehia hasieratik, eta 25-27 nagusitu ziren bizkaitarrak, aurreneko jokoan. Bigarrena ere eskuratu zuen Galdakaok (19-25), eta Hernanik hirugarrena irabazi arren (25-22), jokoen bukaeran gehiago asmatu zuten galdakoztarrek, eta 23-25 nagusitu ziren laugarrenean, garaipena lortzeko.

Aukera gutxiago izan zituzten mutilek, Sestao liderraren kontra. Puntu erosoa lortu zuten bizkaitarrek aurreneko jokoan (15-25), baina kontrarioak estutzeko gai izan ziren hernaniarrak, hortik aurrera. Are gehiago, 22-18 izan ziren aurretik bigarrenean, baina akatsak egin zituzten, eta 23-25 galdu zuten azkenean. Horrek asko zaildu zien partidua, eta borrokatu arren, hirugarrena ere galdu zuten (17-25).

Neska infantiletan, bestalde, elkarren kontra aritu ziren Hernani 1 eta Hernani 2, eta partidu haundia jokatu zuten bi taldeek. Joko estuak izan ziren denak, eta 1-3 nagusitu zen Hernani 2.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!