Kultura eta Kirol Ministerioak Chillidaren lana balioan jarri du

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 7a, 00:00

Joan den ostegunean sinatu zuten elkarlan protokoloa, Chillida Lekun. Argazkia: Niko Iturralde.

Protokoloak lau urteko indarraldia izango du eta «berritu egin daiteke».

Kultura eta Kirol Ministerioak lankidetza protokoloa sinatu zuen joan den ostegun goizean, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioarekin. Hala, Kultura eta Kirol ministroak, Migel Icetak, eta Fundazioaren presidenteak, Luis Chillidak, sinatutako dokumentua abiapuntutzat hartu dituzte: «ministerioaren eta Fundazioaren elkarlana garatzeko; 2024an ospatuko den Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren baitan» adierazi zuten. 

Ministroak nabarmendu zuen, Kultura eta Kirol Ministerioak Eduardo Chillidaren lana zabaltzen lagundu nahi duela, «euskaldun unibertsala zelako» eta azpimarratu zuen lankidetza lagungarria izango dela «ondarea guztion eskura jartzeko». Eta azkenik, ministroak, Fundazioaren «sentiberatasuna, prestutasuna eta gogoa» eskatu zizkion. 

Jarraian, Luis Chillidak akordioaren garrantzia azpimarratu zuen: «Egiten ditugun lanetarako Kultura Ministerioaren laguntza izatea garrantzitsua iruditzen zaigu, artearen munduan hain garrantzitsuak diren sinergiak bilatzea eta elkarrekin lanean egitek abiapuntua izatea». Fundazioko lehendakariaren hitzetan, «protokolo honek Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena balioesteko hainbat jarduera abiaraziko ditu». 

Protokoloaren helburua lankidetzaren baldintza orokorrak zehaztea da, besteak beste «Chillida Lekuren eta Estatuko museoen bildumei buruzko programa didaktikoak egiten eta garatzen partehartzea, nahiz arteari eta kultura garaikideari buruzko hausnarketa bateratuan eta museo-erakundeen funtzioan lagunduko duten kultura-jarduerak egin eta garatzea». Horrez gain, Chillida Lekuren zein Estatuko museoen bildumak bultzatu nahi dira, eta horien inguruko kultura-jarduerak ere. 

Protokoloak lau urteko indarraldia izango du eta berritu egin daitekeela ere ziurtatu dute.k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!