Pozik agertu da EAJ, edukiontzi ibiltaria jartzearen erabakiarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 6a, 00:00

Atez ateko zerbitzuari buruz ere, honakoa aipatu du: «zikinkeria puntuak baino ez dira, arratoien ugaritzea eta Hernaniren irudia okertzeko baino balio ez dutenak».

Andoni Amonarraiz EAJko bozeramailearen ustez, Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak aurkeztutako edukiontzi ibiltaria «aurrerapausoa da», eta honako arrazoiak helarazi ditu: «badirudi Hernaniko EH Bildu konturatu dela, alderdi politiko honek gobernatzen dituen beste udalerri batzuetan gertatzen den bezala, hondakinen bilketa askoz eraginkorragoa dela edukiontziekin, herri osoan zehar zabalduta dauden Atez Ateko zuhaitzekin baino. Hauek zikinkeria puntuak baino ez dira, arratoien ugaritzea eta Hernaniren irudia okertzeko baino balio ez dutenak, inguruak hondakin poltsez beteta egoten baitira».

Horrez gain, alderdi jeltzaleko bozeramailea pozik agertu da edukiontzi ibiltaria jartzearen erabakiarekin: «Garbigunera eraman beharko liratekeen hondakin asko bertan utzi ahal izango direlako. Hernanin, dagoeneko erabiltzen da edukiontzi sistema beira biltzeko. EH Bilduk gobernatzen duen beste herri batzuetan, edukiontziekin biltzen dira hondakin guztiak, eta Hernanin lortzen diren emaitza berak lortzen dira, kostu askoz txikiagoarekin». Ildo beretik, adibide bat ekarri du EAJk: «Ordizian, hondakinen %78 birziklatzen da, edukiontzi sistemarekin. EH Bilduk gobernatzen du. Espero dugu, nahiz eta EAJ 2010etik esaten ari denari gor egin, alderdikideak entzutea eta erabakiak hartzea».

Amaitzeko, Andoni Amonarraizek hausnarketa egin du: «agian, ez dute Atez Atekoa kentzen, benetan martxan jartzearen arrazoia ez zelako hondakinak biltzeko sistema hobetzea, baizik eta konfrontazio politikorako elementu gisa erabiltzea; izan ere, gaur egun Hernanin mantentzen da, gainerako herriek edukiontzi sistemarekin emaitza berdinak lortzen dituztela onartu behar ez izateko. Edukiontzi hau urrats txiki bat da hondakinen bilketa hobetzeko, baina era berean urrats handi bat da hondakinen bilketa sistema askoz eraginkorragoa izatea nahi dugun hernaniarrentzat». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!