'Hezkuntza Plazara' plataformak bere proposamenak eman zituen aditzera, atzo

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 6a, 00:00

'Hezkuntza Plazara' plataformaren agerraldia, atzo Hernanin.

Hezkuntza Plazara plataforma osatzen duten kideek eraldaketarako hautua egin dute, eta atzo proposamenak aurkeztu zituzten, Hernanin. 

Atzo, eguerdiko 12:00etan, ehun lagun inguru bildu ziren, tartean irakasleak, gurasoak, ikastetxeetako langileak edo aisialdi taldeetako hezitzaileak, eta Hezkuntza plazara adierazpena aurkeztu zuten, Atsegindegin, ondoko leloarekin: Oinarrizko hezkuntza akordioa. Eskubideetatik konpromisora. Hezkuntza Plazara plataformak, hezkuntzaren sektore zabaleko norbanako eta eragileak biltzen ditu,  eta atzo, Euskal Herriko Hezkuntza Akordioaren inguruko proposamenak konpartitu zituzten, eta gogor adierazi zuten datozen erronkei «herri bezala» erantzun behar zaiela. Plataformaren ahotsa izan ziren, Asier Etxenike eta Nora Sabotx. 

Euskal Herriko oinarrizko hezkuntza akordioa berritzeko eskaera luzatuz hasi zuten agerraldia: «jakinaren gainean gaude hezkuntza eskubideak bermatuko dituenak eta hezkuntza sistema eraldatzearen alde gaudenak asko garela».  Eta horrexegatik, hezkuntza deialdia egin zuten: «berritu dezagun Euskal Herriko Oinarrizko hezkuntza akordioa». Jarraian, Asier Etxenike bozeramaileak hiru multzotan bereizi zuen akordioa. Lehenik; hezkuntza sistemaren «oinarri sendoak» finkatzea ezinbestekotzat hartzen dute, eta horretarako, «erronka berrietara egokitzeko kapaz» izan behar du sistemak. Bigarrena; «hezkuntza eskubideen» inguruan ardaztu behar da eraldaketa: «Ikasle guztien eskubide guztiak bermatzeko»; eta hirugarrenik; hezkuntza komunitateak eta administrazioak elkarlanean jardun behar dute». 

Halaber, gogora ekarri dute hezkuntzako akordio berriak,  hezkuntzarako, inklusiorako eta euskalduntzeko eskubideak bermatu behar dituela. Eta eskaerak luzatu ditu, Nora Sabotxek, besteak beste: «Hezkuntza sistema publikoak izan behar du hitzartuko den akordioaren ardatza, eskoletako segregazioa gainditzeko neurriak zehaztu behar dira, eta euskara ardatz eta euskal curriculuma oinarri duen sistema lortze aldera jarri behar dira lege berriaren oinarriak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!