Energia eraginkortasunaren 'Passivhaus Classic' ziurtagiria lortu du Kulturarteko Plaza Feministak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 5a, 00:00

«Prozesu korapilatsuan» parte hartu dutenetako batzuk, atzoko agerraldian.

Birgaitutako eraikin publiko bakarra da Estatu osoan, ziurtagiri hori jaso duena. Atzo jarri zuten plaka, eraikinaren kanpoaldean, «prozesu luze, emankor eta korapilatsuan» parte hartu dutenek, egindako lanarekin «oso pozik».

Passivhaus dioen plakak ematen dio ongietorria, atzotik, Kulturarteko Plaza Feministara gerturatzen denari. Plaka txiki bat da, apenas arretarik erakartzen duena; baina oso bestelakoa da bere esanahia: energia eraginkortasunaren Passivhaus Classic ziurtagiria lortu du Kulturarteko Plaza Feministak, eta birgaitutako eraikin publiko bakarra da Espainiako Estatu osoan, ziurtagiri hori daukana.

«Urtetako lan haundia izan da, jende askoren artean burutu duguna; prozesu emankor, luze eta korapilatsua», azaldu zuen Xabier Lertxundi alkateak, atzo, plaka jartzeko ekitaldian: «erabaki genuenean aurreko mendeko eskola zahar bat zena birgaitzea, Kulturarteko Plaza Feministaren zerbitzuak hartzeko, baziren modu merkeagoak eta errazagoak. Erabaki ausarta izan zen, erronka haundia, baina plaka honek erakusten du aukeraketak benetan merezi izan duela».

Ekitaldian izan ziren Kursaal eta Ormak enpresetako ordezkariak ere, obraren zuzendaritza teknikoa eta obraren exekuzioa egin dutenak. Jasangarritasunaren «irizpide aurrerakoiak» betetzen dituela adierazten du ziurtagiriak, eta hala adierazi zuen Juana Otxoa-Errartek: «oso energia gutxi kontsumitzen duen eraikina da. Kotxe bat balitz, esan genezake 100 kilometroko 1 edo 1,5 litro erregai kontsumituko duela». Hain justu, %50etik gorako aurrezpena izan du eraikinak, erabiltzen hasi zirenetik, ezaugarri bereko beste udal eraikinen aldean, azaldu zutenez.

Eraikinaren birgaitzea, diseinatu zuten Europako Batzordeak ezarritako estandarrak betetzeko asmoz, energia kontsumoa murrizteko. Eta hasiera batean, EnerPhit ziurtagiria lortu nahi zuten, birgaitutako eraikinei zuzendutakoa. Baina maila hori gainditu, eta eraikin berrientzako ezarritako estandar zorrotzagoa ere gainditu du Kulturarteko Plaza Feministak. Hori horrela, Passivhaus Classic ziurtagiria lortu du, eta birgaitutako eraikin publiko bakarra da Estatu osoan. Badira birgaitutako beste bi eraikin, Getxon eta Ezkarain, ziurtagiria lortu dutenak; baina etxebizitza pribatuak dira biak.

«Bi erronka bete ditu eraikinak: jasangarria da, eta erosoa»

Marta Epelde arktiketo teknikoa izan da Passivhaus ziurtagiriaren arduraduna, eta berak ere hartu zuen hitza atzokoan, ziurtagiriaren esanahia nabarmentzeko: «bi erronka bete ditu eraikinak, honekin. Aurrenekoa, jasangarritasunari eta klima aldaketari begirakoa. Izan ere, eraikina guztiz elektrifikatuta dago, eta asko murriztuko dira CO2 emisioak. Eta bigarrenak, erosotasunarekin dauka zerikusia. Lortu nahi izan dugu eragileek eraikin eroso bat izatea, tenperatura egokiekin. Hori oso garrantzitsua da, erabiltzaileei begira. Eta oso pozik gaude egindako lanarekin».

Kulturarteko Plaza Feminista «etxe goxoa eta atsegina» dela nabarmendu zuen alkateak, eta adierazi zuen, «Udalak babesten dituen hiru printzipioak» betetzen dituela: jasangarritasuna, feminismoa eta kulturartekotasuna. Eta azaldu zuen, beste udalerri batzuentzat «erreferente» izan daitekeela Kulturarteko Plaza Feminista, etorkizunean egin ditzaketen birgaitzeetarako.

Proiektuak arrakasta izan zezan, «eragile eta enpresa askoren inplikazioa» behar izan da. Udaleko talde teknikoarekin batera (Esther Vázquez arkitektoa eta Garazi Lizaso arkitekto teknikoa), bidean izan dira Juana Otxoa-Errarte eta Peter Albrecht (obra eta proiektu zuzendaritza); obra gauzatu duten enpresak, Ormak eta Kursaal, atzokoan Álvaro Agirre obra-buruak eta Josu Hernández gerenteak ordezkatuta, hurrenez hurren. Eta Marta Epelde arkitekto teknikoa, Iñaki del Prim arkitektoarekin batera, Passivehaus aholkularitzaz arduratu dira eta hasieratik bukaerara bitartean, ziurtagiri honetan ezarritako estandarrak betetzen zirela ziurtatzeko kalkuluak, egiaztatzeak eta horien jarraipena egin dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!