«Gure nahia da korredore humanitarioak irekitzea eta umeak bertatik ateratzea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 5a, 00:00

Chernobilen Lagunak elkarteko bazkidea da Idoia Fernández. Elkarteko programari esker, Txernobylgo hondamendiagatik kaltetuak izan diren adingabeak udararo etortzen dira Euskal Herrira. Ivankiv hirian bizi dira gehienak, «gerraren 0 gunean». Igandean galdu zuten konexioa familiekin, eta «kezkatuta» daude. 

«Kezka eta itxaropena» dira Idoia Fernández Chernobilen Lagunak elkarteko bazkideak elkarrizketan nabarmendu dituen hitzak. Ukrainako gatazkari buruz aritu gara, Txernobylgo istripuagatik kaltetuak izan diren umeak Euskal Herrira etortzeko aukera luzatzen baitute elkartekoek, bertako harrera familietan 40 eguneko egonaldia egiteko eta «umeen osasuna hobetzeko». Duela astebetetik, ordea, egoera oso bestelako da haurrak bizi diren inguruan (Ivankiv, Kievetik 80 kilometrora), eta, elkarrizketa hasieran aipatu duenez, «igandean izan genuen azken konexioa bertako familiekin, eta ordutik ez dakigu ezer».

Txernobylgo hondamendia 1986an izan zen. Lenin zentral nuklearreko laugarren erreaktorean bat-bateko potentzia igoera izan zen, eta historiako istripu nuklearrik larriena eragin zuen. Ondorio larriak ekarri zituen eztandak, horien artean nagusiena izan zen kutsaduraren ondorioz kaltetutako herritarrena. Fernándezek aipatu duenez, «elkarteak helburu du inguru horretan bizi diren eta kaltetuak izan diren umeentzat saneamendu programa eskaintzea». Horrela, beraz, programari esker, Ivankiv hiriko haur eta gazte talde bat etortzen da udara guztietan Euskal Herrira.  

Ivankiv-eko haurrak, gatazkako 0 gunean

«Tiro hotsak entzuten dira. Gerran gaude». Horixe izan zen Innak, programako bolondres ukrainarrak, Fernándezi otsailaren 24an bidali zion lehenengo mezua. Ivankiv Kievetik 80 kilometrora dagoela kontatu du elkartekoak, eta kezka nabaria da bere hitzetan. 

Fernándezen esanetan, urtean zehar, hainbat modutara mantentzen dute harremana harrera umeekin. «Batetik, Ukrainan dauden familien bidez; eta, bestetik, han dagoen bolondresaren bidez. Inna izena du, eta Ivankiven bizi da bera ere». Elkarteko batzordeko kide da Idoia, eta bere arduretako bat da Innarekin harremanetan egotea, Ukrainako umeen eta Euskal Herriko familien lanketa osatzeko. «Orain gutxi, udarako programa antolatzen hasi ginen, eta otsailaren 23ra arte horretan jardun genuen», adierazi du. Are gehiago, Gabonetan, haurrak Euskal Herrira etorri zirenean, kezkarik ez zutela helarazi zieten elkartekoei. «Bertako bolondresek esaten zidatena zen gerra psikologikoa eta mediatikoa izango zela, orain arte 2014tik jasaten ari zirenaren antzekoa. Hortaz, lasai zeuden. Jakin bazekiten eta mentalizatuta zeuden gerran zeudela, baina horrelako zerbait gertatuko zenik ez zuten uste». 

Edonola ere, egun batetik bestera, «guztia» aldatu zela dio. «Igandean izan genuen azken elkarrizketa, eta ordutik ez dakit ezer. Innak eta programako familiek ez dute konexiorik, eta ez dituzte mezuak jasotzen. Horregatik, ez dakit zein den egoera. Gainera, gerra batean, norbaiten egoerari buruz ezer ez dakigula esaten dugunean, esan nahi duguna da ez dakigula bizirik ala hilik dagoen».

Baina elkarrizketan murgilduta geundela, Innaren mezua jaso du Idoiak, eta bete-betean gelditu da denbora: «bizirik. Konexio gabe jarraitzen dut. Telefono-sarea topatzen dudanean idatziko dizut. Denak bizirik».  Horixe da, beraz, elkarteak Ukrainarekin izan duen azken kontaktua. 

Gatazka piztu zenetik familiekin izan duten elkarrizketei dagokienez, Fernándezek dio umeekin Whatsapp, Viber zein telefonoz hitz egiten dutela. «Gazteagoak direnek, Whatsapp edo Viber erabiltzen dute. Izan ere, nahiz eta gaztelania azkar ikasten duten, oraindik ez dute hizkuntza menperatzen. Itzultzailearekin, mezu bidez hitz egiten dute hemengo familiekin. Helduagoak direnek, berriz, telefono deiak erabiltzen dituzte kontaktua mantentzeko». Hala ere, azken egunetan ez dute beraien berri izan. «Igandera arte familia horiek guztiak babeslekuetan zeuden, sotoetan. Hala ere, badirudi argindarrik gabe gelditu direla eta, beraz, ezin dute mobila kargatu. Eta, gainera, argindarra dutenek, ez dute telefonoa piztu nahi, diotenez, agian, errusiarrek aurkitu egingo dituztelako. Beldur haundia diote horri». 

Ivankiveko herritarrak gerraren 0 gunean daudela dio Fernándezek. «Hasieran, uste zuten Ivankiv pasarela bat izango zela. Beharbada, handik sartu, hiria gurutzatuko zutela, eta listo. Baina ez da horrela izan. Bielorrusia Errusiaren aliatua da eta Bielorrusiatik sartu dira Ukrainara. Bertatik egin dute bide zuzenena, Ivankivetik pasata Kievera heltzeko». Elkartekoak azaldu duenez, «armada ukrainarrak pentsatu zuen Ivankiven jarriz gero, errusiarrak geldituko zituela». Horregatik, dio, «armadak Ivankiveko zonaldean jarri zuen indarra, eta errusiarrei puntu horretan min egingo ziela pentsatuz,  hantxe, Ivankiven, hasi zen gatazka».

«Familia bakar batek lortu du mugara heltzea»

Chernobilen Lagunak elkarteko bazkideak aipatu du programa barruko familia bakar batek lortu duela Ivankivetik ihes egitea eta Errumaniara heltzea. «Otsailaren 24an, lehenengo inbasioa gertatu zenean, egoera oso-oso gaizki ikusi zutenez, familia batzuek erabaki zuten Ivankiv uztea. Ostegunean bertan, Poloniaruntz joaten ahalegindu ziren, baina kutxazainetan ez zen dirurik gelditzen eta, hortaz, ezinezkoa zuten gasolina ordaintzea. Beraz, Poloniako bidea utzi eta Errumaniako bidea hartu zuten. Ez dakigu ondo nola lortu zuten. Agian, hemengo familiak dirua emanda edo beste irtenbideren bat topatuta, baina kontua da familia horrek lortu zuela Errumaniara iristea», kontatu du. Antza denez, Euskal Herriko harrera familiak kontaktu bat du Errumanian, «eta, beraiei esker, Ivankiveko familiako bi umeak Errumanian gelditu dira», jakinarazi du Idoiak. Baina beste hainbat kasutan gertatu den bezalaxe, une horretan, bitan banatu zen familia: «gurasoek erabaki dute gerrara bueltatzea, han gelditu nahi dutelako». 

Seme-alabak salbu uztea zen beraien helburua, eta lortu dutela ziurtatu du Fernándezek. «Harrera familia asteazkenean abiatu zen furgoneta batean Errumaniara, bi umeak hona ekartzeko helburuz. Ume horiek, behintzat, badakigu ondo daudela, baina Ivankiv utzi zutelako. Bertan gelditu ziren gainerako guztiei buruz ez dakigu ezer», aipatu du. «Egoera katastrofikoa da. Gelditzen zaigun bakarra da denbora pasatzea eta denborak gure alde egitea».

«Helburua: korredore humanitarioetan ateratzea»

Fernándezek dio elkartearen helburua dela «familiak hortik ateratzea eta salbu egotea». Prozesua errazte aldera, bilerak izan dituzte Donostiako Udalarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin, «errefuxiatuei harrera nola egin geniezaiekeen ikusteko». Horregatik, elkartearen nahia da programako umeak ere errefuxiatuak izatea, «hortik atera ahal izateko». 

Baina, horretarako, beharrezkoa da korredore humanitarioak irekitzea. «Izan ere, gaur egun ezin da inor Ivankivera sartu. Kalera ateratzen baldin badira, tirokatu egiten dietela aipatu digute», esan du Idoiak. «Taniak eman digu azken horren berri. Umeak udaran etortzen direnean, monitore batekin etortzen da, eta azken hiru urteetan, Tania izan da begiralea. Berak ere gure programan hartu zuen parte, eta, amaitzean, Arrasatera joan zen gradu bat ikastera. Bertako unibertsitatean ikasten du eta harrera familiarekin bizi da», zehaztu du Fernándezek. «Taniaren aita Ukrainako armadako kapitaina da, eta lortu du bere gurasoekin eta lagunekin komunikazio minimoa izatea. Dioenez, bere ingurukoak ondo daude, eta, behintzat, esan digu ez duela entzun programako familiei ezer txarrik gertatu zaienik. Dena den, ezer ez entzuteak ez du esan nahi ezer gertatu ez denik». 

Posible den heinean, «lasai mantentzeko eta itxaropena izateko» mezua luzatu diete elkarteko batzordekideek harrera familiei. «Behar duguna da Errusiak su etena egitea edo  Ukrainara konboi humanitario bat uzten sartzea. Onartzekotan, Errusiak erabakiko du konboi horretan nor sartuko den: Cascos azules, Gurutze Gorria, Acnur… Ez dakit, guk hori ezin dugu kontrolatu». Hala ere, Idoiak dio familia askok ez dutela bertatik atera nahi. «Ostegunean eta ostiralean, oraindik ere argindarra zegoenean, nire familiakoei galdetu nien ea hortik atera nahi zuten umeak gurera ekartzeko. Baina erantzuna ezezkoa izan zen. Esan ziguten elkarrekin pasa nahi dutela hau guztia». Erantzun gogorra izan arren, Fernándezek dio «ulergarria» dela erabakia. «Umeak ateraz gero, jakin badakigu salbu egongo direla, baina ez dakite berriro noiz ikusiko duten elkar edota berriro ikusi ahal izango dituzten». Egoera ulertze aldera, konparazio modukoa egin du: «ez da gauza bera urte asko pasa direlako eta gaur egun komunikazio kanalak bestelakoak direlako, baina antzeko zerbait gertatu zen hemengo Gerra Zibilean. Errusiara joan ziren ume asko ez ziren itzuli, Los niños de la Guerra de Rusia deiturikoak, hain zuzen». 
 

«Oso-oso kezkatuta gaude»

Orain, sotoetan daude Ivankiveko familiak. «2014an hasi zen presio errusiarra eta, horregatik, etxe gehienek dute sotoa. Edo, bestela, beren etxean ez baldin badute, bizilagunenera joan dira», azaldu du. Nolanahi ere, Fernándezek dio lur azpitik ateratzean eta hiriko egoera zein den ikustean, agian, «erabakiz» aldatuko dutela. «Ez dakit zer gertatuko den. Kalera ateratzen direnean eta ikusten dutenean guztia nola dagoen, beharbada, bai, familiek nahi izango dute beraien seme-alabak Euskal Herrira etortzea». 

Harrera familien kezka oso haundia dela dio Idoiak. «Oso-oso gaizki gaude, bertako familien berri zuzenean ez dugulako izan. Espero dugu guztiak bizirik egotea, eta, bizirik baldin badaude, nahi dutenek, korridore humanitarioetan bertatik ateratzea». Familien mezurik ez jasotzea «agonia hutsa» dela aitortu du. «Zerbait baldin badakigu da Ivankivetik atera direlako edota beste herriren batean, adibidez, Kieven, ahizparen bat dutelako eta mezua bidaltzen dutelako».

Horrekin batera, Fernández eta bere etxekoak dira 9 urteko ume baten harrera familia, eta arduratuta dagoela nabarmendu du. «Ez da bakarrik pentsatzea bizirik dagoen ala ez. Izan ere, ume horiek guztiak bizitza guztirako ukituta egongo dira. Horrelako gerra batek bizitza aldatuko die. Gainera, gure kasuan, 7 hilabeteko ume bat dago Ukrainako familian. Sotoan daude argirik gabe, janaririk gabe… Ez dakit zer gertatuko den». Kontatu duenez, baliabideak biltzen eta Ukrainara bidaltzen ari diren arren, «laguntza mugara iristen da, baina barrura, Ivankivera, ez da inor sartzen». Idoiaren, senarrak, gainera, aurrez aurre ezagutu zuen beraien harrera umearen familia, joan den urtarrilean. «Umeek hemen pasa zituzten 10 egun eta, gero, Ukrainara itzultzeko, beti bueltatzen dira elkarteko bi bazkiderekin. Batzordeko bi neska joan ziren haurrak ekartzera, eta bueltatzeko, bi bazkide joan ziren. Horietako bat izan zen nire senarra. Ukrainarrei asko gustatzen zaie zu beraien etxera joatera, eta ezkontza baten antzera, harrera egiten diete gonbidatuei. Nire senarrak hori bizi zuen duela hilabete eta, orain, ez jakitea familia hori bizirik dagoen ala ez, oso gogorra da». 

Edonola ere, Idoiak dio laguntza bideratzen hasi direla eta horretan jarraituko dutela: «hemen bizi diren ukrainarren elkartea dago Trintxerpen, eta dirua zein janaria eta bestelako baliabideak biltzen ari dira. Gu ere orain hasi gara horretan pentsatzen, orain ez baldin bada, gero ziur beharko dugulako. Familia guztiei lagundu behar diegu, Ivankiv bonbardeatua izan delako eta etxebizitzarik gabe gelditu direlako». Hernanin ere egongo da horretarako aukera. Lokal bat prestatu dute Lastaola poligonoan, Hernanitik Ereñotzura bidean, bilketa egiteko: Lorea Plasticos (Ereñotzu auzoa, 101). Laguntza emateko, bertara eraman ditzakete produktuak herritarrek. Horrez gain, Eroski ere izango da bilketa-gune; bertan izango dira bolondresak gaur, goiz osoan. 

Programaren etorkizuna, kolokan

Idoiak dio, une honetan, programak ez duela zentzurik. «Orain arte, umeen osasunari eta saneamenduari zegoen bideratua, oraindik ere kutsadura haundi-haundia dagoen zonaldean bizi direlako. Hortaz, helburu hori, oraingoz, bigarren plano batean gelditu da», adierazi du. Gainera, bestelako oztopoak dituztela gogorarazi du: «Errusiak Ukraina inbaditzen badu, umeak ez dira ukrainarrak izango, errusiarrak baizik. Edo, behintzat, Errusiak ez du nahiko umeak hona etortzea. Izan ere, Txernobylek lana ematen zion Errusiari, eta ez zion kasurik egiten». 

Elkarrizketa ixteko, Innaren azken mezuaren itxaropenari helduko diotela azpimarratu du Idoiak. «Etsiz gero, akabo. Itxarotea eta laguntza prestatzea besterik ez dugu».


Eroskin eta Lastaolan, Ukrainaren aldeko bilketa

Gaur goizean, Eroski supermerkatuan izango dira bolondresak. Lorea Plasticosen (Ereñotzu auzoa, 101) lokalean ere utzi ahal izango dira produktuak. 

Ukrainan ematen ari den gatazkaren aurrean, borondatea eta eskuzabaltasuna nagusitu dira Urumea bailaran. Hain zuzen, gaurkoan, bilketa gune garrantzitsua izango da Hernani, eta deia luzatu diete bailarako herritarrei Ukrainako biztanleei laguntzeko. 

Baliabideak biltzeko, hainbat gune prestatu dituzte. Batetik, herrian bertan, Eroskin egongo da bolondres talde bat. Atzo, goizean zein arratsaldean izan ziren bertan. Gaurkoan, berriz, goiz osoan izango dira dendan, herritarren produktuak jasotzeko prest. Eta, bestetik, Lastaola poligonora ere bertaratu daiteke janaria, arropa edota laguntzarako balio duen bestelako baliabideak uztera. Hernanitik Ereñotzura bidean, Lastaola poligonoan, Lorea Plasticos (Ereñotzu auzoa, 10) izeneko lokalean, egun osoan izango dira bolondresak. Herritarrek bertara eraman ditzakete produktuak, ukrainarrei laguntza emateko.

Hernanin, 11 familia ukrainar

Une honetan, Hernanin bizi dira Ukrainako 11 familia. Idoia Fernándezek aipatu duenez, «horietako batzuek zenbait seme-alaba dituzte Ukrainan». Horrenbestez, bertako egoeragatik kezkatuta eta laguntza emateko asmotan, Hernanin bizi diren ukrainarrak, eta Ukrainarekin lotura duten hernaniarrak elkartu dira laguntza biltzeko eta bideratzeko. Gainera, aipatu dutenez, herriko eskolekin jarri dira harremanetan, eta beraiek ere bat egin dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!