Hondarribian eta Castron ariko da Maialen trainerua, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 5a, 00:00

Maialen trainerua, Oriaren Jaitsieran. Argazkia: Iñaki Suarez

Hondarribiako Jaitsieran hartuko du parte gaur, 16:00etan hasita; eta Castrokoan bihar, 11:00etan.

Ez da Gipuzkoako Batel Ligako estropadarik jokatuko, asteburu honetan; baina bi hitzordu garrantzitsu izango ditu Hernaniko Arraun Elkarteak. Izan ere, Hondarribian eta Castron ariko da Maialen trainerua.

Gaur arratsaldean daukate aurreneko zita, Hondarribiako Jaitsieraren 22garren edizioarekin. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da estropada, eta hondartza aurretik itsasaldera ariko dira traineruak. Dozenaka taldek hartuko dute parte, gizonezkoen, emakumezkoen eta beteranoen kategorietan.

Bihar, berriz, bidaia luzeagoa egingo dute Hernaniko arraunlariek, eta Kantabrian ariko dira, Castroko Jaitsieraren 24garren edizioan. Goizeko 11:00etan hasiko da lehia, eta 11:09etan abiatuko da Hernani. Ibilbide bitxia izango du estropadak, hiruki formakoa: bi ziaboga egin beharko dituzte Castroko badiaren barruan, eta beste bat badiatik kanpo. 3.025 metroko ibilbidea izango dute guztira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!