Galdakao eta Sestao aurrez aurre bihar, Euskal Ligako taldeek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 5a, 00:00

Euskal Ligako mutilen taldea, Arizmendiren aurkako norgehiagokan.

Neskek Galdakaoren aurkako hitzordua dute, 10:00etan. Mutilek Sestaoren kontrakoa, 12:00etan.

Aurkari gogorren aurka neurtuko dituzte indarrak asteburu honetan, Euskal Ligako taldeek. Nesken taldeak bihar du hitzordua, 10:00etan, Galdakoren aurka. Mutilenak, berriz, 12:00etan jokatuko du, neskenaren ondoren. Aipatzekoa da oraingo honetan bigarren kantxan arituko direla bi taldeak.

Une honetan, lidergoa du Sestaok, eta, beraz, partidu zaila izango dela aurreikusi dute hernaniarrek. Gainera, porrotak jaso dituzte azkeneko jardunaldietan, eta, beraz, tinko heldu beharko diote asteburu honetako topaketari.  

Galdakao, berriz, hirugarren postuan dago sailkapen orokorrean, lehenengo bi taldeetatik nahiko gertu, puntuei dagokienez. Hernani, aldiz, azken hirugarrena da sailkapenean. Hala ere, matematikoki salbu dago Aitor Lizarazuren taldea, eta Euskal Ligan mantentzea ziurtatuta du dagoeneko. 

 

Jubenilen taldeak Donostian jokatuko du, gaur

Talde nagusiez gain, beste hainbat partidu izango dituzte asteburu honetan Hernaniko boleibol taldeek. Jubenilek, hain zuzen, Fortunaren aurkako norgehiagoka dute gaur, arratsaldeko 16:00etan, Donostian. Mutil kadeteen taldeak, berriz, Ama Guadalupekoa izango du parez pare, gaur, 12:00etan, Hondarribian.

Bestalde, kiroldegian ere jokatuko dira partiduak. Kadete nesken bigarren taldeak, esaterako, gaur du zita, goizeko 10:00etan, Arizmendiren aurka. Kategoria horretako gainerako taldeek, aldiz, kanpoan dituzte jardunaldi honetako norgehiagokak. Horrekin batera, infantil nesken zein mutilen taldeek etxean jokatuko dute, gaur, 10:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!