Dagoeneko jarri dira salgai martxoko emanaldietarako sarrerak, Biterin edo online

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 3a, 00:00

Yolanda Arrietaren aurkezpenarekin emango zaio jarraipena kultur agendari.

Gaur arratsaldeko 19:00etan, Yolanda Arrieta idazleak 'Hamazazpigarrenean aidanez' ipuin bildumaren aurkezpena egingo du, Biterin.  

Bete-beteta dator Hernaniko martxoko kultur egitaraua, eta emanaldietarako sarrerak dagoeneko salgai daude. Ohi bezala, Biteriko leihatilan edo online (kultura.hernani.eus) erosi daitezke. Doako emanaldiak ere badaude, eta baita sarrera hartzerik behar ez duten emanaldi edo hitzaldiak ere.

Atzo eman zitzaion hasiera martxoko kultur agendari, eta gaur izango du jarraipena, Yolanda Arrieta idazlearen bisitarekin. Izan ere, Hamazazpigarrenean aidanez ipuin-bilduma aurkeztuko du berak, Euskal Herriko 16 idazleren lanekin osatu dutena, Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da aurkezpen saioa, Biterin; eta Estekak ipuinaren pasarte batzuk irakurriko ditu Arrietak. 

 

Larunbat goizean, 'Dantza familian' saioa

Etzirako, Dantza familian saioa prestatu du Dagaz dantza garaikideko zaleen sareak, goizeko 11:00etan hasita. Bertaratzen diren 5 eta 10 urte bitarteko haurrek heldu batez lagunduta joan beharko dute. Aldez aurretik izena eman behar da, helbide elektroniko honetara idatzita: izenaeman@dagaz.eus. Martxoaren 12an, berriz, Engrute Teatreren eskutik, Herri salda haurrentzako antzerkia eskainiko da, eguerdiko 12:00etan. Sarrerak 3,5 euro balio du, eta kultura.hernani.eus webgunean daude salgai. Egun berean, arratsaldeko 19:30etan, Geuretik sortuak egitasmoaren baitako Trapu zikinak antzerkia eskainiko da. 

Martxoaren 16an, bestalde, Aita Mari filmaren proiekzioa eskainiko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da gonbidapena eskuratzea, aldez aurretik. Eta martxoaren 22an, 23an eta 24an, Antzerki Zikloa izango da, arratsaldero 19:30etan hasita. Bertaratzeko bonoak Biteriko leihatilan erosi daitezke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!