Gaur 'Treba' programako bigarren hitzaldia eskainiko du Estibaliz Ansotegik, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 2a, 00:00

Nerabeen eta gazteen gurasoei zuzendutako hitzaldia bada ere, interesa duen edonork hartu dezake parte. 

Hernaniko Udaleko Haur eta Gazteria Arloa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren artean antolatutako Treba Gurasoak programako bigarren hitzaldia eskainiko da gaur. Arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera saioari, Biterin. Nerabeen eta gazteen gurasoei dago zuzenduta, baina interesa duen edonor bertaratu daiteke hitzaldia entzutera. Ortzadarreko Estibaliz Ansotegi Guruziagak Kirol-apustuak eta ausazko jokoak. Zer egin dezake familiak? gaiari buruzko xehetasunak azalduko ditu. 

Treba programak guztira lau hitzaldi eskainiko ditu, eta gaurkoan bigarrenak izango du protagonismoa. Ordu eta erdiko saioa izango da, eta helburu orokorra honakoa da: «Familien arloko prebentzioak funtsezko zutabea izan behar du adingabeen garapen egokirako. Horretarako, jokabide-adikzioei edo substantziarik gabeko adikzioei buruzko informazioa eman nahi zaie familiei, kirol-apustuak eta ausazko jokoak bereziki azpimarratuz, gaiarekin zerikusia duten kontzeptuak argitzeko eta horiek hezteko zereginean laguntzeko». 

Landuko diren gaiak 

Hainbat gai jorratuko dira, besteak beste; Zer da jolasa? joko osasungarria vs. joko patologikoa; joko erakargarri eta mendekotasun-ahalmen bihurtzen dituzten jokoen ezaugarriak; arazo ez bihurtzeko gakoak; kontsumo edo erabilera arazotsuak goiz atzematea,  eta;  zer egin dezake familiak?.

Treba Gurasoak programak hitzaldi eta tailer katalogo bat du. Katalogo hau ikastetxeekin, guraso elkarteekin eta Zerbitzu Sozialekin partekatu ondoren, denen artean hainbat hitzaldi eta tailer aukeratu dira. Lehenengo hitzaldian, 26 pertsonak hartu zuten parte eta balorazio positiboa egin zuten antolatzaileek. 

Beraz, gaur, aipatu moduan, interesa izanez gero, arratsaldeko 18:00etan eskainiko da hitzaldia, Biterin. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!