Atzo aurkeztu zuen Hernaniko Udalak, eskuartean duen proiektua: garbigune mugikorra. Udalaren hondakinen bilketan atez-ateko zerbitzuak jasotzen ez dituen etxeko hondakin bereziak gaika biltzeko balio duen erremolkea da. Hondakinak jasotzeko 10 konpartimendu daude: «albo batean lau zulo eta atzeko aldean beste bi. Konpartimendu bakoitza hondakin berezi mota bati dagokio», azaldu du Udalak. Eta jarraian, argi utzi du zein den helburua: «herritarrek errazago eta hurbilago izango dute garbigunearen zerbitzua, ez dute garbigune tradizionaleraino ibilgailuz joan beharko».
Hondakin motak
Hondakin mota batzuk bota daitezke garbigune ibiltarira: Margoak, barnizak, disolbatzaileak, kolak, fitosanitarioak, aerosolak eta horien ontziak; bolumen txikiko plastikozko ontziak eta buztinezko lorontziak; erradiografiak; tamaina txikiko txatarra (lapikoak, zartagiak, metalezko erretiluak, etab.); material informatikoak; fluoreszente bonbilak; etxetresna, aparailu eta jostailu elektriko/elektroniko txikiak; tinta kartutxoak eta tonerrak; apurtutako plastikozko eta egurrezko jostailuak; eta, berrerabiltzeko jostailu eta jolasak. Eta erremolkearen «ahotik» sartzen ez diren hondakinak, garbigune tradizionalera eraman beharko direla jakinarazi du Udalak.
Herriko 16 auzo ezberdinetan kokatuko da, eta goizeko 08:00etatik 24 orduz egongo da garbigune ibiltaria irekita hernaniarren eskura, eta asteburuetan ere bai. Udalak nabarmendu du herritarrak bere hondakina garbigune mugikorrera eraman beharko duela: «eta dagokion konpartimenduan bota beharko du». Herritarrek beren auzotik noiz pasako den jakiteko Udalak datozen 7 hilabeteetako egutegia prestatu du. Behe aldean dago egutegia edo, bestela, hernani.eus webgunean ere ikusgai dago. Horrez gain, kalean hezitzaileak eskuorriak banatuko ditu.