Europako txapeldunorde izan da Sergio Roman

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 00:00

Sergio Roman, helmugara iristen.

45 urtetik gorakoetan bigarren izan zen Portugalen, 3.000 metroko proban.

Haundia egin du Sergio Roman atleta hernaniarrak: Europako txapeldunorde izan da, 3.000 metroko proban, 45 urtetik gorakoen artean. «Nire ametsik zoragarrienetan ere ez nuen imajinatuko hau», aitortu zuen Romanek, balentria lortu berritan.

Joan den astean izan zen Europako Master Txapelketa, pista estalian, Portugaleko Braga hirian. Ostegun eguerdian izan zuen 3.000 metroko proba hernaniarrak; eta ezin maila hobea emanda, 8:51 denboran osatu zuen proba, bigarren helmugaratu eta zilarrezko domina kolkoratzeko. Mick Hill britainiarra (8:50) soilik izan zuen aurretik, segundu bakarrera; eta ia bost segundura iritsi zen Thomas Rouyer frantziarra, hirugarren.

«Egindako lanaren, diziplinaren eta jarritako pasioaren emaitza da hau. Ez litzateke posible izango nire entrenatzaileak eta entrenamenduetako taldeak itzalean egin duten lana gabe», adierazi du Romanek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!