Hernaniko batelek bi garaipen lortu zituzten Errenterian, promesetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 00:00

Ederki moldatu ziren Hernaniko batelak, Errenterian.

Maila ederrean aritu ziren hernaniarrak, Gipuzkoako Batel Ligaren seigarren jardunaldian.

Larunbatean jokatu zen, Errenterian, Gipuzkoako Batel Ligaren seigarren jardunaldia; eta bertan izan ziren, hutsik egin gabe, Hernaniko batelak ere. Maila ederrean aritu ziren, gainera, eta bi garaipen lortu zituzten, promesen kategorian.

Nesketan, liga osoan zehar erakutsitako maila bikaina berretsi zuen Hernani A batelak, eta 5:53 denborarekin nagusitu zen, Oriorekin ia 10 segunduko aldea lortuta. 10garren sailkatu zen Hernani B (6:32), eta 11garren Hernani C (6:38). Mutil promesetan ere, haundia egin zuten hernaniarrek, eta 5:42 denborarekin lortu zuten garaipena, San Juanen aurretik (5:47).

Gainerako kategorietan ere, maila ederra erakutsi zuten Hernaniko batelek. Neska infantiletan bosgarren izan ziren (4:30), podiumetik lau segundu exkaxera. Mutil jubenilen batela hirugarren sailkatu zen (8:28), San Juanen (8:09) eta Orioren (8:22) atzetik. Eta neska absolutuek (9:01), azkenik, ezin izan zioten garaipena lehiatu Hibaikari (8:40), oraingoan.

Errenterian lortutako emaitzekin, bere lidertza sendotu du neska promesen batelak, bigarrenarekin duen aldea 11 puntura haundituta. Eta mutil promesek, berriz, Oriorekin berdindu dute sailkapen nagusiko bigarren postuan, San Juan liderrarekin aldea sei puntura murriztuta. Sei estropada falta dira jokatzeko; hurrengoa, igandean Tolosan.

 

Espainiako selekzioarekin deituta, Beñat Odriozola

Aulki mugikorreko arraunari dagokionez, Orion izan zuen estropada Beñat Odriozolak, bere skiff egokituarekin; eta 5:32 denboran osatu zuen proba. 

Eta laster, Sevillara egingo du bidaia hernaniarrak. Izan ere, Espainiako selekzioaren deia jaso du Odriozolak, eta bi asteko kontzentrazioan hartuko du parte, Andaluziako hiriburuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!