Gaur 'Ahoz aho' ekimenaren lehen hitzordua, Itziar Rekalderekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 00:00

Beste hainbat herrialdetan ere izango ditu geldialdiak Ahoz Aho jaialdiak: besteak beste, Oñatin, Arrasaten, Aramaion, Amezketan, Lizartzan, Ibarran eta Ataunen. 

Intujai Teatroak antolatuta, aurtengoan geldialdia izango du Hernanin, aurrenekoz, Ahozkotasunaren Nazioarteko Ja­ialdiak. Guztira, 13 udalerrietara helduko den ekimena izango da, eta Hernaniko Udal Liburutegiak bat egin du proiektuarekin. Hainbat jatorritako narratzaileak izango dira Hernanin, mota guztietako publikoei zuzendutako istorioak kontatzeko. 

Bihar izango da geldialdia Hernanin, eta Itziar Rekalde kontalaria izango da hizlaria. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera saioari, eta Biterin izango da, helduentzat. Aspalditik dabil Rekalde kontaketak eskaintzen, eta honako hauxe adierazi du: «ipuinak bilatzen, asmatzen, idazten eta irakurtzen; baina, batez ere, zerbait kontatu nahi dioten guztiei entzuten, eta bere ipuinak entzun nahi dituzten guztiei, kontatzen». Saiora bertaratzeko, aldez aurretik gonbidapena eskuratu behar da, kultura.hernani.eus webgunean, edo Biteriko leihatilan. 

 

Datozen geldialdiak

Bigarren geldialdia martxoaren 9an izango da, La Matrioska konpainia txiletarren bisitarekin. Zikuñagako libgunean eskainiko da saioa, arratsaldeko 17:30etan hasita. Gaztelaniaz eskainiko da, eta adierazi dute familian gozatzeko moduko saioa izango dela.  Martxoaren 18an, berriz, Tarana Karim azerbaijandarra, Nicolas Buenaventura kolonbiarra, eta Iñaki Carretero, Maider Alcelay eta May Gorostiaga euskal herritarrak izango dira saioko protagonistak. Ahozkotasunaren jaialdiko gala nagusia eskainiko dute, arratsaldeko 18:00etan hasita, Biterin. 

Martxoaren 21ean izango da azken geldialdia, eta Kattalin Sallaberryak eta Jokin Irungarayek eskainiko dute. Umeentzako saioa izango da, Antziola auzoko libgunean, 17:30etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!