Garaipen berezia trikoloreek, Landaren

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 00:00

23 urtez azpiko taldea Landaren, larunbatean. Argazkia: Hernani Rugby

23 urtez azpikoak etxera itzuli ziren larunbatean, Landarera, eta 34-21 irabazi zuten Fénix taldearen aurka.

Asteburu berezia izan da, ezbairik gabe, Hernaniko errugbi talde guztientzat. Bereziki, hori bai, 23 urtez azpiko taldearentzat. Izan ere, klubak berak aurreratu zuenez, «98 egunen ondoren», trikoloreek, berriro ere, Landaren jokatzeko aukera izan zuten. 

Gainerako talde guztiek, inauteriak zirela eta, atsedena izan zuten eta ez zen jardunaldirik izan. Beraz, mutilen 23 urtez azpikoena izan zen asteburuko norgehiagoka bakarra. Estreinaldi bikaina izan zuten hernaniarrek, eta 34-21 garaitu zuten Zaragozako taldea. 

Arratsaldeko 16:00etan hasi zen topaketa, eta trikoloreak sendo mantendu ziren zelaian. Horrela, lehenengo zatian 22-07ko emaitza izan zuten. Bigarren erdia, ordea, zertxobait korapilatsuagoa izan zen, bisitariek gogor heldu ziotelako garaipena lortzeko nahiari. Hala ere, etxekoak nagusi izan ziren eta garaipena, horrela, trikoloreen aldekoa izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!