Logroñon porrota eta Iruñean garaipena, Euskal Ligako taldeek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 00:00

Senior nesken taldea, azkenaurreko jardunaldiko partiduan.

Nesken taldeak 1-3 irabazi zuen Nafarroako Unibertsitatearen aurka. Mutilek, aldiz, 3-0 galdu zuten Voley Viñaren kontra. 

Asteburu gazi-gozoa izan da Euskal Ligako taldeentzat. Izan ere, nesken taldeak garaipena lortu zuen Nafarroako Unibertsitatearen aurka, baina mutilenak, berriz, galdu egin zuen Logroñon. 

Aitor Lizarazuk gidatutako taldea ezin hobe ari da azken boladan. Neskek garaipen mordoa lortu dituzte azken jardunaldietan, eta martxa bera jarraitu zuten larunbatean, Nafarroako Unibertsitatearen aurkako partiduan. Azken sailkatuak baitira nafarrak, eta emaitza ona lortzea espero zuten hernaniarrek. Hernanikoak nagusi izan ziren eta 1-3 amaitu zen topaketa, baina, hori bai, ez zen norgehiagoka erraza izan. Lehen jokoa orekatua izan zen, eta azken txanpara berdinduta heldu ziren bi taldeak, 26-24ko markagailuarekin. Bigarren jokotik aurrera, ordea, hernaniarrek partiduaren noranzkoa zuzendu eta 20-25, 15-25 eta 19-25 garaitu zituzten etxekoak. 

Garaipen hori lortuta, Euskal Ligan mantentzea ziurtatu du Lizarazuren taldeak, jaitsierako postuetatik urrun baitaude hernaniarrak. 

 

Mutilek galdu, Logroñon

Euskal Ligako beste taldeak ez zuen zorte bera izan asteburuan. Mutilek larunbatean izan zuten partidua Logroñon, Voley Viñaren kontra. Baja dexente izan zituzten hernaniarrek, eta, beraz, Eligio Rodriguez entrenatzaileak jubenil mailako jokalariak konbokatu behar izan zituen jardunaldi honetako partidurako. Norgehiagoka zaila izan zen eta 3-0 itxi zen markagailua, etxekoen alde. Lehenengo jokoa parekatua izan zen arren, 25-28, gainerakoetan argi nagusitu ziren bertakoak: 25-15 eta 25-19. 

Une honetan, sailkapen orokorrean, erdialdeko postuetan dago Hernani. Datozen jardunaldietarako, helburu dute lanean jarraitzea eta puntuak batzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!