Caritasen jarduerari buruz, hitzaldia gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 28a, 00:00

Arratsaldeko 17:30etan egingo dute aurkezpena eta lankidetzan aritzeko gonbitea, Elkano kaleko Katekesiko aretoan.

Hitzaldia eskainiko du Gipuzkoako Caritasek, gaur arratsaldean, Hernanin. Elkano kaleko parrokia-etxean izango da, Katekesiko areto nagusian, arratsaldeko 17:30etan hasita. Bertan, erakundearen nondik norakoak azalduko dituzte, Caritasek Gipuzkoan burutzen duen zeregina aurkeztuko dute, eta lankidetzara gonbidatuko dituzte bertaratuak. 

Topaketara azaltzera animatu dituzte hernaniarrak, Caritas gertutik ezagutu eta bere jardunaren berri izateko.

Beste bi oharren berri ere eman du Hernaniko Parrokiarteak, egun hauetarako. Batetik, jakinarazi du gaurtik aurrera berriro ekingo dietela Agustinetako komentuko mezei. Goizeko 09:00etan izango dira, igande eta jaiegunetan izan ezik; horietan, 09:30etan hasiko da meza.

Eta bestetik, sendotzako sakramentua hartzeko prestatzeko deialdia zabaldu die, 18 urtetik gorako gazte eta helduei. Ostegunera arte eman daiteke izena, parrokia-etxean, ohiko bulego ordutegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!