Yolanda Arrietak aurkeztuko du 16 idazleren ipuin-bilduma, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 27a, 00:00

'Hamazazpigarrenean aidanez' bilduma osatu dute Euskal Herriko 16 idazlek, Geuretik Sortuak egitasmoarekin. Ostegunean aurkeztuko dute.

Euskal Herriko 16 idazleren lanekin, Hamazazpigarrenean aidanez ipuin-bilduma osatu dute, Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan, Udalbiltzak bultzatuta. Eta Hernanin egingo dute bildumaren aurkezpena, datorren ostegunean, Yolanda Arrieta idazlearen eskutik. Biterin izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita. Doakoa izango da sarrera.

Aurkezpenean, Estekak ipuinaren pasarte batzuk irakurriko ditu Arrietak, eta emanaldia eskainiko dute Hernani Musika Eskolako ikasleek. 2015ean Euskadi Saria jaso zuen idazleak, Haur eta Gazte Literaturaren atalean, Argiaren alaba liburuarekin.

16 kontakizun biltzen ditu ipuin-bildumak, 16 idazlek 16 herritan bizitakoan oinarrituta. Eta denek batera, hamazazpigarren bat osatzen dute; hortik bildumaren izenburua. «Gure herria kontatzeko ahalegin kolektibo bat da», azaldu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!